Atzo goizean atxilotutako Igor Uriarte eta Aiala Zaldibar gazteak baldintzapean aske utzi zituen arratsaldean Paueko Auzitegiak, fiskalaren aurretik igaro ondoren. Paueko Auzitegiak hilaren 25ean aztertuko du haien aurka Espainiako Auzitegi Nazionalak bidali duen euroagindua. Anartean, kontrol judizialpean izango dira bi gazteak, eta egunero azaldu beharko dute polizia etxean. Poliziaren iturriak aipatuz, berri agentziek diote Ekinen eta Segiren aurka Hego Euskal Herrian iaz eginiko polizia operazioekin lotzen dituztela bi gazteak. Ordutik «ihes eginda» zeudela diote.
Kazeta.info webgunean argitaratutako informazioaren arabera, berriz, bi gazteak «bizitza arrunta» egiten zuten Lapurdiko hiriburuan. Aiala Zaldibarrek, adibidez, Baionako Oihana Ikastolan lan egiten zuela dio komunikabide horrek.
Guardia Zibilaren «laguntza»
Espainiako berri agentzien arabera, Guardia Zibilak Frantziako Poliziari emandako informazioari esker egin dituzte atxiloketak. Goizeko 10:00 aldera etxetik ateratzen zelarik atzeman zuten Uriarte, eta handik ordu bete eskasera Zaldibar; hura ere kalean.
Lekuko batek BERRIAri adierazi dionez, Zaldibarren atxiloketa «bortitza» izan zen. «Gaztelaniaz» mintzo ziren kaleko jantzitako hiru poliziak gaztea gelditu eta bultzaka auto batean sartu zutela azaldu du.
Askatasunak deituta, atxiloketak salatu zituzten atzo arratsaldean Baionako Saindu Izpiritu auzoan. 43 pertsonak parte hartu zuten ekimenean.
AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, Espainiako Justiziak bidalitako euroagindu eskaera bat dela eta, Ipar Euskal Herrian hiru pertsona atxilotu dituzte 2010eko irailetik.
Euroaginduaren zain, aske dira Baionan atxilotutako bi gazteak
Ekineko eta Segiko kide izatea leporatzen diete; hilaren 25ean aztertuko dute Espainiaratzeko eskaera, Pauen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu