Ur azpitik joango da 6.600 kilometroko kablea. Zuntz optikoko zortzi pare kable izango ditu, eta 160 Tbps igorriko ditu segundoko. Indar horri esker, segundoko 100.000 milioi tuit eta 4.000 DVD transmititzeko gaitasuna izango du. Europa hegoaldea eta AEBak lotuko dituen lehen kablea izango da. Hiru enpresatako ordezkariak izan dira Sopelan (Bizkaia), Gontzal Hermosilla bertako alkate, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi eta Javier de Andres Espainiako gobernuak EAEn daukan ordezkariarekin batera.
Kableak hiru eta bost zentimetro eta erdi arteko lodiera dauka: toki sakonenetan izango da meheagoa, bertan ez duelako behar izango hainbesteko babesik. Barnean daramatza zuntzak, ile baten lodierakoak, eta polietilenoz eta kobrez inguratuta dago. Batez beste, 4.000 metro sakonean joango da.
Sopelako lanak amaituta, Virginia Beach-erantz, AEBetako ekialderantz abiatuko da kablea daraman itsasontzia; bi hilabete barru iristea aurreikusi dute. Atlantikoa zeharkatzen duten beste kable batzuk baino hegoalderago dago.
Kableak hainbat abantaila eskainiko die bezeroei: abiadura handia, hodeirako sarbide ziurra, eta Microsoft eta Facebooken zerbitzua linean. Gainera, Frank Rey Microsofteko sareen operazio arduradunaren arabera, "konexioa iraunkorragoa eta fidagarriagoa izango da". Rafael Arranz Telxiuseko operazioen zuzendariaren iritziz, gaurko ekintza mugarria izan da. "Finkatzea oso konplexua izan da; urteetako ikerketaren eta hilabete luzeetako lanaren emaitza da".