Europa gehiago eta, batez ere, Europako Batasun helduagoa nahi du Iñigo Urkullu EAJko EBBko lehendakariak. Haren ustez, gaitz guztien errua Europako Batasunari egozten diote zenbait agintarik, baina «estatuen kudeaketa politikorako eraginkortasunik eza zuritzeko» xedea du jokabide horrek. Azken hilabeteotako goi bileretan agerian geratu den «joko ergel» horretatik atera beharra nabarmendu du buruzagi jeltzaleak, krisitik irteteko estrategia «komuna» delakoan: «Batasunean sakondu behar dugu, eta gure diru bakarra babestu, suizidio kolektiboa saihesteko».
Kritiko eta irmo mintzatuta, Europako Alderdi Demokrataren kontseilu politikoa zabaltzeaz arduratu zen Urkullu, atzo, alderdiko presidenteordea den aldetik. Europaren etorkizunaz gogoeta egiten ari dira egunotan hainbat herritako ordezkari politiko, eta krisi ekonomikoari emandako erantzunek ia erabateko protagonismoa hartu zuten atzoko saioan. Diagnostiko argia egin zuen Urkulluk: «Ez dago europar lidergorik. Berekoikeria nazionala nagusitzen da gobernuen jokaeretan». Goi bilerak «kasino joko» bihurtu izana deitoratu zuen, eta «gurpil zoro» horretatik atera ezean «obra europarra suntsitu» egingo dela ohartarazi. «Europako goi bilerak erantzukizunak partekatzeko gune bihurtu behar dira».
Urkullurentzat, krisiaren inguruko gogoeta politikoa ere bada. Eztabaidek hartutako bideaz jardun zuen jeltzaleak: «'Neurritasuna ala hazkundea' eztabaida faltsuak elkartasunaren balioa zokoratzen du». Areago joan zen Alderdi Demokratako presidente François Bayrou, Frantziako Modem alderdi zentristako burua: «Herritarrei esan behar zaie zer den garrantzizkoa. Halako pedagogiarik ez dago egun».
Hori baino sakonagoa da Bayrouk mahai gainean jarritako auzia, zalantzan jartzen baitu erabaki politiko batzuek herritarren artean duten zilegitasun politikoa: «Harrigarria da prentsan Europako goi bilerei buruz agertzen diren eztabaidak ez izatea errealak herritarrentzat. Ia ezinezkoa da erabakien legitimitatea aurkitzea, herritarrek ez badakite zertaz ari garen». Hortaz, berretsi zuen herritarrek arbuiatu egingo dituztela erabakiok baldin eta horiek erdiesteko prozesuan parte hartzen ez badute.
Horrekin lotuta, alderdiaren beste erronka nagusiaz mintzatu zen Modemeko burua: «Gobernatzeko zein modu definitu behar dugu, beldurrak garrantzia gal dezan? Federalismoa izan daiteke erantzunetako bat». Hasteko, kontzeptua definitu beharra aipatu zuen, «kontrako esanahiak dituelako hemen eta Bruselan». Baina federalismoaren esparruko pentsalariak gogora ekarrita, «erabakiak erakunde hurbilagoetan hartzeko» aukeraz hausnartu beharra nabarmendu zuen Bayrouk, «Europan bozkatzen dugun gobernatzeko modua ez baita inoiz existitu».
Erantzunak izan zituen hizpide Francesco Rutellik ere. Europako Alderdi Demokratako beste presidenteak —Silvio Berlusconiren gobernuan lehen ministrorde izandakoa— ohartarazi zuen «posizio erradikalenak» nagusitzenari direla Europan. Agintariek «muturretatik urrun» egon behar dutela erantsi zuen, ingelesezko hitz jokoa erabiliz: «Politics on anger, or politics on answer. Zer behar dugu: politikari amorratuak, ala erantzuteko prest dauden gobernuak?».
Europa helduagoa nahi du Urkulluk, goi bileretako «joko ergelik» gabe
Europako Alderdi Demokrata Bilbon elkartu da egunotan, etorkizuneko ildo estrategikoak zehazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu