Europako Batzordeak kostaldeetako ura oker aztertzen duela salatu du Surfrider Foundationek

Europako Batasunak uko egin dio kostaldeetako urak aztertzeko irizpideak aldatzeari. Surfrider Foundation Europe elkartearen ustez, litekeena da erabaki horrek herritarrei eragitea. Kostaldeetako ura hobeto aztertzeko eskatu dute.

Surfrider Foundation elkartea Kontxako hondartzan. SURFRIDER
Surfrider Foundation elkartea Kontxako hondartzan. SURFRIDER
2025eko uztailaren 17a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Europako Batzordeak urtero egiten duen kostaldeetako uraren kalitateari buruzko ikerketaren arabera, Europan bainurako egokituta dauden lekuen %85ek betetzen dituzte kalitate arauak. Surfrider Foundation Europe elkartearen ustez, ordea, emaitza horrek ez du errealitatea islatzen. Ikerketa egiteko irizpideak berrikusteko eskatu zion Europako Batzordeari, baina erakundeak uko egin dio eskakizunari. Elkarteak agerraldia egin du Donostiako Kontxako hondartzan, eta adierazi erabaki horrek negatiboki eragin diezaiekela herritarrei eta ekosistemei.

Europak 70.000 kilometroko kostaldea du; horietatik berrehun inguru dira Euskal Herrikoak. Kostaldeko uraren kalitatea aztertzen duen zuzentaraua 2006. urtekoa da. «Europan ia hogei urte daramatzagu bainurako uraren kalitatea neurtzen duen zuzentarau berarekin», esan du Xavier Curto Surfrider Foundation Europeko Espainiako ordezkaritzako koordinatzaileak. Ozeanoen kontserbazioaz arduratzen da Surfrider Foundation Europe GKEa. Elkartekoen ustez, gaur egun oraindik irizpide horiek erabiltzea «ez da eraginkorra».

Bi bakterio bakarrik

Uraren azterketak bi bakterio bakarrik aztertzen ditu: E. colieta Enterococcus. Gainera, azterketa udan bakarrik egiten da, eta ofizialki bainurako egokituta dauden eremuetan soilik. Ondorioz, Curtok azaldu duenez, ez dira kontuan hartzen alga kutsatzaileen ugaritzeak, plastiko kutsakorrak, petrolio edo bestelako kutsatzaile kimikoen isuriak eta PFASak —perfluoroalokatua deritzon sustantzia kimiko kutsakorra—. Gehitu du, halaber, albo batera uzten dituela gainerako urtaroetan eta hondartzatik kanpo egiten diren uretako kirolak, eta ez duela zikinkeriari buruzko informazioa gardentasunez komunikatzen.

«Berrikuspen bat behar dugu; premiazkoa da», Curtoren arabera. Kostaldeko uraren garbitasuna bermatze aldera, Surfrider elkarteak zera eskatu du: ura urte guztian zaintzea, eta ez bakarrik udan; kutsadura parametro berriak gehitzea; eremu gehiago zaintzea; eta publikoarekiko komunikazioa hobetzea.

Ez da eskaria egiten duten lehen aldia. 2021etik daramate Europako Batzordeari zuzentaraua berritzeko neurriak eskatzen. «Esan ziguten agian bazeudela irizpideetan hobetu zitezkeen gauzak. Beraz, ez dugu ulertzen inkoherentzia hau orain», kexatu da Curto. Arazo horrek urari ez ezik, herritarren osasunari, ekonomiari, gizarteari eta herritarrek ingurumenarekin duten erlazioari eragiten diola nabarmendu du.   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.