euskal presoak

Europako Giza Eskubideen Auzitegia 'Parot doktrinaren' aurka azaldu da, lehen kasuan bertan

Ines del Rio Prada euskal presoari kartzela zigorra luzatzea "irregularra" dela esan du, eta Espainiari hura ahal den azkarren libre uzteko eskatu dio. Espainiak helegitea jarriko du eta ez du askatuko Del Rio. Epaia atera berri du Estrasburgoko epaitegiak; 197/2006 doktrinaren kontra aztertu duen aurreneko helegitea izan da. Irakurri epaia (ingeleraz).

2012ko uztailaren 10a
13:45
Entzun

Europako Giza Eskubidean Auzitegia 197/2006 doktrinaren edo Parot doktrina bezala ezaguturikoaren aurka azaldu da gaur, epai baten bidez. Hain zuzen, Ines del Rio Prada euskal presoaren (Tafalla, 1958) defentsak jarritako helegiteari erantzun dio Estrasburgoko epaitegiak, eta esan du 1973ko Zigor Kodearen arabera presoari espetxe zigorra luzatzea "irregularra" dela. Ondorioz, Espainiari eskatu dio presoa ahal den azkarren libre uzteko. Gainera, Espainiak 30.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio.

Presoen abokatu batek BERRIAri esan dio Europaren ebazpen horrek Parot doktrina ezarritako auzi denei eragin diezaiekeela, betiere auzitegiak kasuka aztertu ondoren.

Efe berri agentziak Espainiako Auzitegi Nazionaleko iturriak aipatuz dio Europaren epaia ez dela lotzailea Espainiarentzat, baina horko Gorenaren eta Konstituzionalaren biharko eguneko erabakietarako irizpidea finkatuko duela.

Espainiak helegitea jarriko du

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak gaur bertan iragarri du helegitea ipiniko dutela eta, beraz, Europak horri buruzko erantzuna eman artean ez dutela Del Rio askatuko eta kalte-ordainik ez dutela emango.

Ministroaren arabera, Europako auzitegiak ez du doktrinari berari buruz erabakirik hartu, baizik eta Del Rioren kasu zehatzaz atera du ebazpena. "Gainera, Europak ez du eskumenik [doktrinaz erabakia hartzeko]".

Hiru hilabeteko epea du helegitea aurkezteko, baina Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak esan du "berehala" aurkeztuko dutela. 

2008an behar zuen aske Del Riok

Del Riok 2008an behar zuen libre, legeak ezartzen duen espetxe zigor handiena beteta, baina 2017ra arte luzatu zion zigorra Espainiako Auzitegi Nazionalak, aipatutako doktrinan oinarrituta. 1987ko uztailean atxilotu zuten, ETArekin lotuta. 

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak presoaren defentsak aurkeztutako helegitea aztertu zuen, eta gaur jakinarazi du epaia. Parot doktrinaren aurka aztertu duen aurreneko helegitea izan da.

Espainiak urratutako artikuluak

Europako Giza Eskubideen Hitzarmeneko 7. artikuluan oinarrituz, defentsak argudiatu zuen ezin dela zigorrik ezarri hori bermatzen ez duela legerik ez bada, eta salatu zuen Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak atzeraeraginezkoak izatea. Del Riok kartzelan segitzea 5. artikuluaren aurkakoa dela zioen defentsak —askatasunerako eta segurtasunerako eskubidea jasotzen du artikulu horrek—. Europak bi artikulu horiek urratu izana egotzi dio Espainiari.

14. artikulua ere aipatu zuen defentsak, diskriminazioaren debekuaz diharduena. Defentsaren esanetan, 197/2006 doktrinaren aplikazioak helburu politikoak ditu. 

'Parot doktrina', 2006tik

Auzitegi Gorenak 2006ko otsailaren 20an ateratako sententzia bat da Parot doktrina. Horren bidez, espetxe onurak edo erredentzioak espetxe zigor bakoitzari aplikatzen zaizkio, eta ez presoak guztira bete beharko lituzkeen gehienezko 30 urteko kopuruari, 2006ra arte egiten zen bezala.

Konstituzionalak joan den martxoaren 29an jakinarazi zuen 197/2006 doktrina ez aplikatzeko hiru helegite onartu eta 25 atzera bota zituela, beste hiru helegite ez zituela aztertuko eta beste 22 tramitera onartu zituela. Auzitegi hark martxoan onartu zituen hiru helegiteak Jose Ignacio Gaztañaga Bidaurreta, Juan Mari Igarataundi Peñagarikano eta Jose Mari Perez Txuri presoenak izan ziren.

Maiatzaren erdian Konstituzionalak berak Peio Etxeberria Lete presoa libre uztea erabaki zuen, defentsak jarritako helegitea onartuta. Aldiz, atzera bota zituen Ignacio Arakama Mendia eta Luis Mari Lizarralde Izagirre presoen defentsek Parot doktrinaren aurka jarritako babes helegiteak. Ekainaren 5ean, berriz, Auzitegi Nazionalak libre utzi zuen Mario Artola presoa, Parot doktrina ez ezarrita

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.