Bilbo, Europa ligako finalerako prest

Manchester Unitedek eta Tottenhamek iluntzeko bederatzietan jokatuko dute futbol partida. Norgehiagokak nabarmen eragingo du ikastetxeetan, garraio publikoan eta bereziki herritarrengan.

San Mameseko aparkaleku inprobisatua, artxiboko argazkia. MARISOL RAMIREZ / FOKU
San Mameseko aparkaleku inprobisatua, artxiboko argazki batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Mikel Arberas
2025eko maiatzaren 21a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Manchester Uniteden eta Tottenhamen milaka zale dabiltza jada Bilboko kaleetan. Atzo, 195 lurreratze izan ziren Loiun, eta, gaur, beste 282 iritsiera aurreikusten dira. Orotara, «50.000 zale espero dira» estadioan, eta kanpoan «20.000 gehiago» izan daitezkeela azpimarratu du Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlariitzako Segurtasun sailburuak. Bilbon ez ezik, mugimendu handia sumatu da Donostian ere. Izan ere, Bilboko egonaldiak garestitu direla eta, askok hiritik at hartu dute lo egiteko lekua.

70.000 zaleren esperoan, hiriak neurri bereziak hartuko ditu. Zenbait ikastetxetan, egun aldrebesa izango da gaurkoa. Esaterako, ikastetxe batzuek bertan behera utziko dituzte eskolaz kanpoko jarduerak; beste batzuek, berriz, lehenago bidaliko dituzte ikasleak etxera. Bada egun osoan eskolara joango ez denik ere. Finean, milaka zale bilduko dira Bilboko txoko askotan; beraz, muturreko neurri horiek hartzea erabaki dute ikastetxeek, segurtasuna bermatze aldera.

Trafikoa, garraio publikoa eta aparkalekuak

Futbol partidak gorabeherak eragingo ditu zirkulazioan, batez ere San Mames futbol estadioan eta inguruko kaleetan. Gehienbat Basurtu, Indautxu eta Olabeaga auzoetan nabarituko dituzte herritarrek trafikoaren etenaldiak eta aldaketak.

San Mames inguruko trafikoa denbora luzez etengo dute, gaurko 00:00etatik biharko 05:00etara. Hesiak jarriko dituzte Sabino Arana etorbidean eta Jesusen Bihotza eta Simon Bolivar kaleetan. San Mamesen perimetroa itxiko dute, Serrate kalearen, Ventosa bidearen, Briñas kalearen eta Zunzunegi etorbidearen artean.

Goizeko bederatzietan, Sabino Aranako A-8rako irteera itxi dute, Urkixo zumarkaletik. Herritarrei adi egoteko deia egin zaie, 14:00ak aldera trafikoa toki hauetan ere etengo baita: Euskalduna zubian, Jesusen Bihotzaren plazan, Kale Nagusian eta Eskutza kalean. Era berean, Trenbide etorbidean  aldizka etengo dute zirkulazioa, eta Sabino Aranako eta Ametzolako biribilguneen artean. Horrez gain, Ertzaintzak trafikoa itxiko du Zunzunegi etorbidean, A-8 autobidetik Bilborako sarbidean, gaur 17:30etik aurrera.

Herritarrek ere hainbat aldaketa jasango dituzte aparkalekuei eta garajeei dagokienez. Arestian aipatutako kaleetan eta Basurtuko Kaputxinoen kalean, Autonomia, Hurtado Ametzaga eta Zunzunegi kaleetan, aparkalekuak kenduko dituzte bihar arte. Gainera, herritarrak ezin izango dira ez sartu ez irten garajeetatik gaurko 15:00etatik biharko 05:00etara bitarte.

Zaleak Bilbon eta Donostian

70.000 zalek hartuko dute Bilbo, eta, haietatik gehienak hiriaz gozatzera eta finala ikustera etorri diren arren, bada istiluak eragin dituenik ere. Azken orduetan, zaleen zenbait bideo zabaldu dira sareetan; Bilbon apurtutako semaforo batekin jolasean ageri dira, edota Donostiako kaleetan liskar betean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.