Europako Parlamentuko ordezkaritza bat Madrilen izango da egunotan, aztertzeko asmoz ea Espainiak zergatik ez duen oraindik %3ko gutxieneko langa ezarri parlamentu horretako bozetan eserleku bat eskuratzeko. Halako erreforma bat sustatuko balitz, alderdi abertzaleek askoz aukera gutxiago izango lituzkete Estrasburgoko eta Bruselako ganberetan ordezkaritza lortzeko. Iazko bozetako emaitzei erreparatuz gero, adibidez, kanpoan geratuko lirateke EAJ eta Junts.
Europako Parlamenturako hauteskundeak barruti bakarrekoak dira, eta, ondorioz, estaturik gabeko nazioetako alderdi abertzaleek ezinbestekoa dute elkarren artean akordioak egitea eserleku bat lortzeko. Hala zen 1987an, lehen bozak egin zirenean, eta hala izan ziren iaz ere. EH Bilduk bat egin zuen ERCrekin eta BNGrekin, besteak beste, eta Orain Errepublikak koalizioak 860.660 boto eskuratu zituen; guztien % 4,9. Beraz, ezkerreko independentisten arteko koalizioak gainditu egingo luke Europatik ezarri nahi den %3ko langa hori.
Ikusi gehiago
Bestelakoa da egoera EAJrentzat. Zenbait deialditara CiUrekin batera aurkeztu ostean, 2019ko hauteskundeetan hautsi egin zen esparru politiko harekin zuen akordioa, eta, beraz, jeltzaleek galdu egin zuten boto gehien biltzen zuen aliatua. Ordutik, Koalizio Kanariarra da EAJk Euskal Herritik kanpo duen sostengu nagusia. CEUS Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioa osatzen dute beste zenbait indar txikiagorekin batera, eta horrek aukera eman die jeltzaleei 1989tik Estrasburgon izan duten tokiari eusteko. Halere, botoen %1,6 eskuratu zituzten iaz, eta urrun dute %3 hori. Gauza bera gertatu dakioke Junts-i ere; alderdi katalanak botoen %2,5 lortu zituen iaz.
Lege erreformaren eztabaida buruan du EAJk, eta horren erakusgarri da Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen inbestidurarako akordioa. Europari erreferentzia egiten dion atalean, jeltzaleek eta PSOEk adostu zuten sozialistek ez zutela aldaketarik sustatuko estatuko hauteskundeen araubide orokorrari buruzko lege organikoan. Eta «ezohiko premia» batek horretara behartuko balu, EAJrekin ados jarri beharko luke lehendabizi, testu haren arabera.
«Blokeatuta»
Estrasburgon 2018an onartu zuten Europako Parlamenturako bozetan zenbait aldaketa sustatzea, estatu kideek horietarako ezarritako araudiak bateratzeko asmoz. Hain zuzen, apirilean egindako bilkura batean, europarlamentuko Afera Konstituzionaletarako Batzordeak hizpidera ekarri zuen gai hori. Zehazki, helburutzat jarri zuten zehaztea zergatik dagoen «blokeatuta» erreforma hura.
Batzorde hartako bederatzi kidek —tartean da Idoia Mendia sozialista— zenbait bilera hitzartu dituzte gaurko eta biharko; besteak beste, Kongresuko, Senatuko eta gobernuko ordezkaritzekin elkartuko dira, baita Espainiako Hauteskunde Batzordeko kideekin eta gaian aditu diren zenbait eragilerekin ere. Ikusteko dago zer ondorio aterako dituzten, baita Espainiako Gobernuak erantzuteko asmorik ote duen ere.