Hiru aste igaro dira Eusko Legebiltzarrerako bozak egin zirenetik, eta apenas ordu batzuk Kataluniakoetatik. Hauteskunde zikloak, baina, ez du etenik, eta ekainaren 9ko Europako Parlamenturako hauteskundeetarako prestaketa lanak abian dira. Horiek hala, Hego Euskal Herriko udalak hasiak dira hauteskunde mahaietarako kideak aukeratzeko zozketak egiten; besteak beste, egin dituzte jada Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Zehazki, ostiralean ireki zen zozketa horiek egiteko epea, eta udalek asteazkenera arte dute horretarako. Ipar Euskal Herrian, berriz, funtzionarioek egiten dute lan hori.
Behin zozketak eginda, udalek hiru eguneko epea dute mahaikide izatea tokatu zaienei erabakiaren berri emateko; hau da, larunbaterako amaitu beharko litzateke prozesu hori. Halere, beranduago abisatzeak ez luke erabakia indargabetuko, Hauteskunde Batzordearen arabera. Mahaikide izatea egokitzen zaienei, jakinarazpena ez ezik, mahaikide lanetan aritzeko gida bat ere emango zaie.
Ekainaren 9an hauteskunde mahaian egoteko eragozpenen bat dutenek zazpi eguneko epea dute alegazioak aurkezteko, jakinarazpena jaso duten egunetik hasita. Hura tokian tokiko hauteskunde batzordean aurkeztu behar da, eragozpen hori justifikatzen duen dokumentazioarekin batera. 65 urtetik gorakoek, berriz, nahikoa dute uko egitea. Behin alegazioen berri izanda, hauteskunde batzordeak bost eguneko tartea du erabaki bat hartu eta haren berri emateko.