EITBko zuzendaritzak aurrera jarraitzen du abian jarritako erregulazio txostenarekin. Txosten horrek EITBko irratietako hirurogei langilerengan izango du eragina. Joan den astean jakin zen Roge Blasco, Fermin Etxegoien eta Itziar Alduntzin kaleratuko dituztela. Blascoren aldeko sinadura bilketa bat jarri dute martxan Interneten, erregulazio txostena geldiarazteko eskatuz.
BERRIAk kaleratuak izango diren beste izen batzuk jakin ditu. Horien artean dira Euskadi Irratiko Aitor Elduaien, Arantxa Kaltzada, Onintza Segurola, Ainara Ortiz eta Edurne Ayuso. Elduaienek Bidaldi saioa gidatzen du, bidaiazaleen kontakizunak eta bidaiarientzako proposamenak jasotzen dituena. Kaltzada irratiko programazio arduraduna izan zen aurreko zuzendaritzarekin. Segurolak Landaberri saioa gidatzen du larunbat goizetan, nekazaritzari eta ingurumenari eskainitako programa. Ayuso Hiri Gorrian saioan dabil, eta Ortiz, Faktoria-n.
Radio Euskadin, Blascoz gain, Iñaki Espiga ere kalean geldituko da, No hagan olas saioko aurkezlea.
Vocento taldeak argitaratu duenaren arabera, bestalde, erregulazio txostenean sartu dituzten 30 langilek soilik jasoko dituzte kalte-ordainak.
Sindikatuei joan den astean eman zizkien EITBko zuzendaritzak erregulazio txostenaren datuak, eta egunotan zerbitzu juridiko eta ekonomikoak aritu dira horiek aztertzen.