Iñaki Agirregomoskorta (Bilbo, 1955) ETBko Dokumentazio eta Artxibo Saileko buru izan zen 1983tik 1989ra eta 1993tik 1998ra bitarte. Bere lehen liburuan, Así nació la Televisión del País Vasco lanean (Alberdania, 2020), urte batzuk gehiago egin zuen atzera, telebista publikoaren sorrerara. Hain zuzen, hura prestatzen ari zela sumatu zuen bazela liburu batean jasotzeko moduko beste gai bat ere: EAJren barne eztabaidak, eta haiek alderdian eragindako zatiketa. Horri forma eman dio La escisión del PNV y el origen de EA liburuan.
EITBren sorrera aztertzeko orduan EAJ barruan nabaritu zenituen eztabaidak dira liburuaren oinarria. Agerikoak ziren?
Niretzat ez ziren hain agerikoak, baina liburua idazteko dokumentazioa bilatzen ari nintzela konturatu nintzen horretaz. Politikari oso ezagun batek esan zidan Garaikoetxeari Mesias deitzen ziotela; hau da, ez ziren lagun minak. Eugenio Ibarzabal ere oso kritiko izan zen EITBren sorrerarekin, Deia-n zuen zutabean. Eta [Kultura sailburu] Ramon Labaienek erantzun zion, eta hark, berriz... ikusten zen tirabira bat zegoela, eta begiratu beharrekoa zela.
Berrogei urte baino gehiago pasatu dira, baina kosta egin zaizu iturriak topatzea.
Aurreko liburua oso akademikoa izan zen, eta hau beste modu batean egin nahi nuen: hemeroteka eta elkarrizketak. Baina, orduko kide garrantzitsuenetako batzuengana jotzean, ezezkoak jaso nituen, oso mingarria zelako. Bik esan zuten baietz: Xabier Albisturrek eta Koldo Amezketak. Orain, beste liburu bat ere ari naiz prestatzen, iritziekin, bilduma moduan.
1977an hasi duzu kontakizuna, baina garairik gorabeheratsuena Eusko Jaurlaritzako lehendakari Carlos Garaikoetxearen eta EBBko presidente Xabier Arzalluzen arteko bizefalia ezartzean iritsi zen. Nolakoa zen haien harremana?
Garaikoetxearen gobernuko taldearen eta Arzalluzen alderdiko taldearen arteko borroka bat izan zen. Gauza ideologikoak zeuden erdian? Baziren, baina gutxi, nire ustez. Garaikoetxeak desafioa bota zuen, eta lortu zuen Batzar Nagusiak bera lehendakarigai izendatzea. Lehenengoan, behintzat; bigarrenean ez. Orduan alderdia gorpuztuagoa zegoen, eta ez zuen onartu.
«Garaikoetxearen gobernuko taldearen eta Arzalluzen alderdiko taldearen arteko borroka bat izan zen»
Bereziki Bizkaitik egin zen indar, ez?
Alderdiaren indarra Bilbon dago nagusiki; orduan, Arzalluzen taldea Bilbon zegoen. Baina Garaikoetxeak ere lidergo handia zuen. Bizkaian gutxiago, baina Araban —batez ere Gasteizen—, Nafarroan eta Gipuzkoan bai. Gipuzkoa erdibitua zegoen, baina berarekin zeudenak jende garrantzitsua ziren.
Ondorioei erreparatu diezu: banaketa gertatzean bereizi zirela, batetik, Bizkaia eta Araba eta, bestetik, Nafarroa eta Gipuzkoa. Gerora ere ikusi izan da lurraldekako banaketa EAJn.
Uste dut Euskadi lurraldeei oso lotua dagoela. Historikoki lurraldeek botere handia izan dute foruei esker; horrek eragin handia izan du EAJ barruan. Bazegoen ideia hori hedatzearen aldeko pentsamendu bat; begira zenbat kostatu den autobus zerbitzua ordaintzeko txartelen kontua koordinatzea. Garaikoetxearen filosofia zera zen, hori onartu bai, baina Jaurlaritzari garrantzia ematea. Eztabaida hori etengabea da.
Aldeak ikusi ziren 2004an ere, EBBko presidentea hautatzeko barne prozesuan, Josu Jon Imazen eta Joseba Egibarren arteko lehian.
Oso gogorra izan zen hori ere; ia-ia banaketa gertatu zen hor ere. Argi dago nazionalismoaren ideologia batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian kokatzen dela; Gipuzkoan are sakonago. Baina, azken urteetan, [Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi] Iñigo Urkulluren eta [EAJren EBBko presidente] Andoni Ortuzarren arrakasta izan da Ezkerraldean, PSOErena zen eremuan, indartzea. Esan daiteke nazionalismo lightbatekin egin dela.
Atzera eginda, Nafarroak banaketan izan zuen garrantzia aipatu duzu. EBBk hango gobernua eskuinari ematearen alde egin izana, eta horrek NBBn eragindako erantzuna.
Mitxel Unzueta senatariak oso harreman ona zuen [APko diputatu ohi] Miguel Herrero de Miñonekin. EBBk erabaki zuen EAEko autonomia ondo finkatzea, eta horretarako ondo zetorkion harreman on hori. «Nik Nafarroako gehiengo hori onartuko dizut, eta zuk lagundu ni Bizkaian eta Araban». Hori izan zen planteamendua, baina nafarrek esan zuten: «Nola onartuko dugu halako elementu bat [APko Jose Luis Monge zen hautagaia] lehendakari jartzea gu frankismoaren kontra egon eta gero». Horrek tirabirak eragin zituen, nafarrak kanporatu arte.
«Euskadin bigarren mailako eragileek ez dute etorkizunik. Bi dira nagusiak: EAJ eta Bildu, Sortuk gidatuta»
Eta gerora, aliantzak sozialistekin egitea izan da EAJren apustua.
Banaketaren ondorioz, EAJk gehiengoa galdu zuen, eta norekin lotu aliantza? PSOErekin. Espainiaren zilborra PSOE da.
Esan duzu banaketa ez zela ideologikoa izan, baina, gauzatu zenean, EA ideologikoki ere aldendu zen.
Alderdi gisa aurkeztean, nazionalistago, independentismoaren aldekoago eta sozialdemokrata gisa ageri zen. Alderdiaren aurreko mugimenduan, baina, denetik zen.
Gerora, aztertu duzu EAren ibilbidea?
EAn hiru fase ikusi ditut. Lehen faseak 2007ra arte iraun zuen. Gero, 2009an, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan eserleku bakarra lortu zuten. Huts izugarria izan zen bakarrik aurkeztea. Orduan, bi gauza garrantzitsu gertatu ziren: Pello Urizarrek [EAko idazkari nagusi ohia] polo subiranistaren alde egin zuen, eta Alkarbide EAtik banatu zen, gero Hamaikabat izango zen hori.
Eta EAJri dagokionez, badago konparatzerik orduko egoera eta gaur egungoa? Orain ere baliteke EAJ aldaketa baten atarian egotea, itxuraz behintzat.
Egoera ezberdinak dira; urteak ez dira alferrik pasatzen. ETA desagertuta, Sortu homologatu egin da, eta jokatzen ari da. Euskadin bigarren mailako eragileek ez dute etorkizunik. Espainian bi dauden bezala, PP eta PSOE, Euskadin ere bi dira nagusiak: EAJ eta Bildu, Sortuk gidatuta. Ziklo bat bete da, eta hor lidergoa EAJrena izan da. Eskumenak hedatu dira, baina bultzada bat eman behar da; batez ere, euskarari. Horretarako prestasun handiagoz ikusten dut Sorturen mundua EAJrena baino. Pentsatzen dut borroka egongo dela.