Gernikako Estatutuaren urtemuga ospatzen zuen Euskadiren Eguna bertan behera utzi du Eusko Legebiltzarrak, behin betiko. Urriaren 25a arautzen zuen legea indargabetu egin du, EAJren eta EH Bilduren botoei esker. Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lan egutegi ofizialetik desagertu egingo da jaiegun hori, eta oso litekeena da Jaurlaritzak Santiago eguna (uztailaren 25a) ezartzea ordezko jaiegun gisa. Urtea amaitu baino lehen hartuko du gobernuak erabakia, «kontsentsuz», Juan Mari Aburto Lan eta Gizarte Politiken sailburuak azaldu duenez. Lan Harreman Kontseiluko eta Eliza katolikoko ordezkariekin hitzartuko du, eta dekretu bidez ezarriko du jaiegun berria, datorren urteko egutegia onartuta daukalako jada.
2014ko lan egutegian ez da gorriz ageri Santiago eguna, eta Gasteizko Udalak (PP) jaiegun izendatzeko eskatu zion duela aste batzuk Eusko Jaurlaritzari. Arabako hainbat ordezkari politikokere bat egin dute eskaera horrekin —bereziki EAJkoek eta PPkoek—, Santiago egunablusa eta nesken eguna baita Gasteizen. Data hori «egoki» ikusten du Jaurlaritzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaieguna izendatzeko.
Aburtok argitu duenez, Jaurlaritzaren asmoa ez da Euskadiren Eguna ordezkatzea, horretarako Legebiltzarraren «adostasuna» beharko litzatekeelako. Urriaren 25eko ospakizunak gizartean «haustura» sortzen duela azaldu du Aburtok, eta gobernuaren asmoa ez dela Euskadiren beste egun bat bilatzea. «Etorkizunean jaiegun hori ezartzea erabakiko balitz, haustura sortzen ez duen egun bat ezarri beharko litzateke», gaineratu du.
EH Bilduren zuzenketari ezetza
Egutegian jaiegun bat ala bestea izatearen inguruko eztabaidatik harago, berriro ika-mika sortu du Euskadiren Eguna bertan behera uzteko erabakiak alderdien artean. Legebiltzarreko osoko bilkuran eztabaidagai izan dute araua indargabetzeko txostena, eta EH Bilduk baino ez du proposatu ordezko egun bat ezartzea zuzenketa baten bidez. Haren eskaerak, baina, ez du aurrera egin. Urriaren 25aren ordez Euskararen Nazioarteko Eguna, abenduak 3, jaiegun izendatzea proposatu du EH Bilduk zuzenketan, Euskal Herria identifikatzen duen «ezaugarri nagusia euskara» delako. Pello Urizarren ustez, Hego Euskal Herri osoak jaiegun propioa eta komuna izateak —Nafarroaren eguna da— herriaren «egituraketari bultzada» emango lioke, gainera.
EH Bilduren eskaera hori ezdute egoki ikusi jeltzaleek, eta abstenitu egin dira zuzenketaren bozketan. Hori dela eta, EH Bilduko sei legebiltzarkideek baino ez dute babestu jeltzaleek Euskadiren Eguna bertan behera uzteko landutako testua, eta onartua izateko gehiengo sinplea bermatu dute. EH Bilduko gainerako hamabost legebiltzarkideek abstentziora jo dute.
Artikulu bakarra du Euskadiren Eguna kentzeko lege ekinaldiak. Honela dio: «Indargabetu egiten da 2/2010 Legea, apirilaren 22koa, urriaren 25a Dia del Pais Vasco-Euskadiko Eguna izendatzeari buruzkoa». Legea baliogabetzeko emandako arrazoien artean, testuak dio «gutxieneko adostasunik gabe» eta «gehiengo sozialaren babesik gabe» aukeratu zela Euskadiren Eguna. «Urriaren 25a jaiegun izanda ere, legea onartu zenetik gaur arte zatiketarako eta desadostasunerako eguna izan da, eta urrun geratu da oso ordezkatu nahi zuen adostasun eta ospakizunetik».
Antzera mintzatu da Joseba Egibar jeltzalea ere. Pozik agertu da Euskadiren Eguna bertan behera uzteagatik: «Zorionez, inposizio bat indargabetu egin dugu».Salatu du PSEk eta PPk 2010ean lortutako akordioak ez zuela errespetatu euskal gizartearen gehiengoaren borondatea. Halaber, Egibarrek gogoratu du Estatutua oraindik betetzeko dagoela, 34 urte pasatu diren honetan. «Iritsi da garaia herri honen borondate politikoa gaurkotzeko, Estatutua errespetatuz, noski».
PSEk eta PPk, berriz, bat egin dute legebiltzarraren erabakia gaitzesteko. «Gaur egun tristea da», adierazi dute Patxi Lopez sozialistak eta Borja Semper popularrak. «Gernikako Estatutua da orain arte adostasun zabalena lortu duen akordioa», azpimarratu du. «Ez duzue soilik data bat atzera bota: zuen ibilbide politikoari bizkarra eman diozue», esan die jeltzaleei.
Semper ere EAJri mintzatu zaio: «Uko egin diozue Euskadiren errealitate politikoari». Euskadiren Eguna bertan behera uztzita elkar ulertzeari eta euskal herritarrak batzen dituenari bizkarra ematea egotzi die PPkoak EAJri. «Akordioa hautsi duzue».
UPDko Gorka Maneirorentzat, jaieguna kentzeak «liskarra» sortuko du, adostasuna bermatzen duelako Euskadiren Egunak.
Euskadiren Eguna uztailaren 25ak ordezkatzea nahi du Jaurlaritzak
Eusko Legebiltzarrak baliogabetu egin du urriaren 25eko jaieguna, EAJren eta EH Bilduren botoei esker

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu