Aurten Aberri Egunari eman nahi dioten esanahiaren nondik norako nagusiak aurkeztu ditu gaur Andonio Ortuzar BBB Bizkai Buru Batzarreko lehendakariak, eta besteen gainetik ideia bat nabarmendu du: EAJk "Euskal Aberri askeagoa, bidezkoagoa eta aberatsagoa" nahi duela, eta hori lortzeko urratsak egin behar direla oraindik. Horregatik, Euskadi eraikitzen leloaren inguruan batzeko deia egin die jeltzaleei.
Bilboko Plaza Barrian egingo dute ekitaldi politiko nagusia, 11:30ean hasita. Iñigo Urkullu EAJko presidentea izango da, besteak beste, hizlari. Gero bazkaria egingo dute eta 1.500 lagun espero dituzte. Arratsaldean, berriz, erromeria egingo dute Areatzan.
Bezperan, berriz, "deiadar mendietara" joateko eta tontor horietan ikurriña jartzeko deia egin du Ortuzarrek.
Aurtengo Aberri Eguna testuinguru berezian ospatuko dela adierazi du buruzagi jeltzaleak: batetik, ekonomia arloan krisia garaian; bestetik, ETAk jardun armatuari uko egin gabe segitzen duen unea, "euskal gizartearen gehiengoak terrorismoa behin betiko baztertzea eskatzeko egiten dion deiari erantzun gabe". Eta, hirugarrenik, "PP-PSOE arteko hitzarmen" garaian. "Akordi hori ez da euskal hiritarren beharrizanak eta ongizatea lehenesteko egin, Estatu estrategia partekatzeko eta eusteko baizik", iritzi dio Ortuzarrek.
Hiru baldintza horiek kontuan hartuta, Aberri Egunak zentzu berezia duela erantsi du, eta larunbatean plazaratuko duela EAJk Euskadirentzako etorkizun berria izeneko adierazpena, egoerari aurre egiteko lerroak proposatuz.
Aberri Eguna
"Euskal aberri askeagoa, bidezkoagoa eta aberatsagoa" aldarrikatuko du EAJk
'Euskadi eraikitzen' da jeltzaleek Aberri Egunerako hautatu duten leloa, eta ohi bezala, Bilboko Plaza Barrian egingo dute ospakizun nagusia. Aberriari ezartzen dioten muga "hiritarren borondatea" dela azpimarratu du Andoni Ortuzar buruzagiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu