baleazaleak

Euskal baleazaleak oroitzeko kongresua, Reykjaviken

Igandean abiatu zituzten ekitaldiak, eta ostegunean amaituko dira. 1615eko irailean 32 balea arrantzale euskaldun hil zituzten Islandiako mendebaldeko fiordoetan, eta horiek gogoratuko dituzte laugarren mendeurrenaren harira.

Balea arrantzale euskaldunek XVII. mendean balearen arrantzarako erabilitako Strakatangiko estazioa, Islandiako mendebaleko fiordoetan. Irudian, labea izan zena. RAGNAR EDVARSSON / BERRIA
2015eko apirilaren 20a
09:39
Entzun

Reykjaviken da kongresua, Islandiako hiriburuan. Bertan parte hartzekoak ziren gaur, besteak beste, Ragnar Edvardsson arkeologoak, Xabier Irujo Nevadako Unibertsitateko ikerlariak, Viola Miglio Kaliforniako Unibertsitateko ikerlariak eta Torfi Tulinius Islandiako Unibertsitateko ikerlariak.

Asteazkenean, berriz, adiskidetze ekitaldi sinboliko bat egingo dute Holmaviken. Ekitaldi horretan izango dira Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Illugi Gunnarson Islandiako Kultura ministroa eta Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendaria.

1615. urtean 32 balea arrantzale euskaldun hil zituzten Islandiako mendebaldeko fiordoetan. Urte hartan, Danimarkako errege Kristian IV.ak debekatu zien atzerritarrei Islandian balearen arrantzan edo beste edozein jarduera komertzialetan aritzea. Udaberri hartan, hiru itsasontzi irten ziren Donostiaatik Islandiara, 80 bat marinelekin. Irailerako amaituta zuten arrantza aldia, eta ez zuten arazorik izan, erregearen debekuak debeku.

Alabaina, Euskal Herrira itzuli behar zuten egunaren bezperan ekaitz gogor batek jo zuen Reykjafjordurko fiordoa. Han zeuden itsasontziak. Urte bereziki hotza izan zen hura, eta izotz ugari zegoen. Hala, izotz puska haietako batek barku bat jo eta hondoratu zuen. Bigarren itsasontzia ere nora ezean utzi zuen, eta, harkaitz batzuekin jota, hondora joan zen hura ere. Hirugarren itsasontzia ere erabilezin geratu zen.

Oso egoera txarrean geratu ziren baleazaleak. Ontziak galduta, txalupetan alde egin zuten, eta bi taldetan banatu ziren. Batzuek iparraldera jo zuten, eta besteek hegoaldera. Iparraldera jo zuten 32 marinelek Aedey uhartean hartu zuten babes. Batzuek kanpalekua prestatzen zuten bitartean, besteek janaria lapurtu zuten. Lapurretaren berri izan zuenean, Ari Magnusson gobernadoreak arrantzaleen bila jo zuen. Gauez harrapatu zituen marinel batzuk, lotan, eta hiltzeko agindua eman zuen. Beste talde bat salbatzen saiatu zen kapitaina, apaiz islandiar baten laguntzarekin, baina ez zuten gobernadorearen errukirik jaso, eta denak hil zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.