Euskal curriculuma garatzeko bideari ekin diote

2013ko urriaren 10a
07:54
Entzun

Euskal curriculuma garatzeko eta hezkuntza lege berri baterako pausoak emateko ibilbidea hasi dute Eusko Jaurlaritzak eta hezkuntzako eragile zenbaitek. Heziberri 2020 izena jarri diote egitasmoari. Hiru urrats zehaztu dituzte bide hori egiteko, eta abian jarri dute lehenbizikoa: eredu pedagogikoari buruz eztabaida zabalduko dute, bakoitzaren iritziak bildu abendurako, eta otsailerako irizpideak bateratu. Horren ondoren taxutuko dituzte curriculum dekretuak, eta, aurrerago, hezkuntza legea. Garai esanguratsu batean hasi dute ibilbidea: Espainiako Kongresuak gaur onartuko du hezkuntza erreforma, Wert legea.

Irailaren 18an Jaurlaritzak eginiko proposamena zehazteko bilera zuten atzo eragileek. Txosten osatuagoa eraman zuen gobernuak, eta onartu zuten eragileek.

Oraingoz, talde mugatua osatu du Cristina Uriarte sailburuak. Hauek ari dira: Ikastolen Elkartea, Kristau Eskola, Sortzen Ikasbatuaz, Sarean, EHUko irakasle fakultateak, Ikasgiltza, Eusko Ikastola Batza, Erkide, EHIGE, BIHE, Irakaskuntza Zentroen Elkarte Autonomoa eta Bizkaiko Elizbarrutiko Ikastetxeak. Sindikaturik eta ikasle talderik ez dago.

Kexu dira Jaurlaritzaren jarrerarekin. ELA: "Oso larria da hain garrantzitsuak diren egitasmoen berri komunikabideen bidez jakitea". Susmo txarra hartu dute. "Beldur gara sindikatuak alde batera utzi nahiarekin Jaurlaritzak erreformari eta hezkuntza beharrei moduren batean aurre egiten ari den itxura eman nahi izateaz". EILASek ohartarazi du langileen ordezkariak baztertuta "oinarrizko atal bati" bizkar eman diola gobernuak. "Ez dakigu zer hobekuntza lortu nahi dituen sektoreko langileak kontuan hartu gabe".

Jaurlaritzaren asmoa da lehen urratsa gainditu eta gero sartzea eragile gehiago, Euskadiko Eskola Kontseiluko ordezkariak —han daude sindikatuak eta ikasleak—. Oraingo pausoan, "eragile sozial" gisa hartzen dituenak ariko dira.

Hiru oinarrirekin egingo dute lan: eragileek adostu eta garatutako euskal curriculuma —"ibilbide luzea eta emankorra du"—, gobernu programa —"sistema egonkorra" lortzea duena xede—, eta Europako Batasunaren gidalerroak. 2020rako asmoak ditu zehaztuak Europak; horregatik jarri diote Heziberri 2020 izena planari.

Uriarteren "determinazioa"

Sailburuak berak ez du xehetasun handirik eman planaz orain arte. Astelehenean joatekoa da Eusko Legebiltzarrera. Ziurra da eztabaida sortuko dela PSE-EErekin eta PPrekin. «Euskal Herriaren izaera etno-kulturala hobeto uztartzea» aipatu du helburuen artean Jaurlaritzak txostenean. Alderdi konstituzionalisten iritziko, horren bidez estudianteak "doktrinatu" egin asmo ditu Uriartek.

Bileretan parte hartzen ari diren eragile nagusiek jendaurrean behintzat babestu dute Uriarte. Ikastolen Elkarteak ohar batean azaldu du "bide onean" ikusi duela Jaurlaritzaren asmoa, eta elkarrekin aritzeko nahia agertu du. "Atsegin handiz ikusi dugu gainontzeko eragileek ere elkarlanerako erakutsi duten prestasuna". Hasitako bideari eusteko eskatu diote ikastolek Uriarteri. "Hasierako bileretan Jaurlaritzaren aldetik determinazio sendoa ikusi dugu. Espero dugu determinazio horri eutsiko diola amaieraraino".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.