Espainiako Kongresuak hezkuntza erreforma onartzeko bezperan, euskal curriculuma garatzen hastea adostu dute Eusko Jaurlaritzak eta hezkuntzako eragile batzuek. Bilera egin dute gaur Gasteizen. Honako hauek bildu dira Hezkuntza Sailarekin: Ikastolen Elkartea, Kristau Eskola, Sortzen Ikasbatuaz, Sarean, EHUko irakasle fakultateak, Ikasgiltza, Erkide, Eusko Ikastola Batza, EHIGE, BIHE, Irakaskuntza Zentroen Elkarte Autonomoa eta Bizkaiko Elizbarrutiko Ikastetxeak.
Hiru urrats zehaztu dituzte programan, joan den igandean BERRIAk aurreratu zuen eran. Lehen pausorako —eredu pedagogikoa zehaztea— plangintza ere onartu dute gaurko batzarrean. Hiru oinarrirekin egin asmo du ibilbidea Jaurlaritzak: eragileek adostutako eta garatutako euskal curriculuma —"ibilbide luzea eta emankorra du"—, gobernu programa —"sistema egonkorra" lortzea duena helburu—, eta Europako Batasunaren gidalerroak. 2020rako helburuak ditu zehaztuta Europak, eta hortik jarri diote programari Heziberri 2020 izena.
Euskal hezkuntza garatzea du helburu proiektuak —azken helburuan lege berria egitea du—, eta Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreformari aurre egitea, Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez. "Hezkuntza Sailak eta eragile nagusiek hainbatetan aho batez azaldu duten gaitzespenari erantzuna eman nahi dion ekimena da".
Ikastolen Elkarteak ohar baten bidez adierazi du "bide onean" ikusi duela Jaurlaritzaren proposamena. "Lehenengo bilera hauetan Eusko Jaurlaritzaren aldetik determinazio sendoa ikusi dugu. Espero dugu determinazio berari eutsiko diola prozesuaren amaieraraino". Ohartarazi dute, ordea, bihar bertan Espainiako Kongresuak onartzekoa duen erreforma "mehatxu larria" dela, eta "herri gisa harresiak eraikitzea" ezinbestekoa dela. "Horietako bat da Jaurlaritzaren eta eragileon arteko elkarlana. Beste bat, berriz, herri mobilizazioa". Bilbon larunbatean egitekoa den protestan parte hartzera deitu du.