Espainiako Hauteskundeak

Euskal eragile politikoentzat "albiste txarra" da Espainian bozak berriro egin behar izatea

Iñigo Urkulluk esan du ez dela "erruak banatzeko" garaia, "irtenbideak" proposatzekoa baizik.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, gaur, Deustuko Unibertsitatearen ikasturte hasierako ekitaldian. ARITZ LOIOLA, FOKU
gotzon hermosilla
2019ko irailaren 18a
11:00
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Deustuko Unibertsitatearen ikasturte hasierako ekitaldian egon da, eta han esan du arduradun politikoen akordiorako "borondate falta" ez dela "albiste ona", baina erantsi du ez dela "erruak banatzeko" garaia, "irtenbideak proposatzekoa" baizik. Nafarroako Gobernuak ere, Javier Remirez eledunaren ahotik, ez du erruen inguruko eztabaidan sartu nahi izan, hori "alderdi politikoen esparrukoa" delakoan, baina onartu du haien nahia zela Espainian "gobernu egonkorra" egotea. Edonola ere, Remirezek eskatu du Nafarroa "ez erabiltzeko" laster irekiko den hauteskunde giroan.

Alderdi politikoetako ordezkariak, berriz, argiago mintzatu dira hauteskundeak berriro egin behar izatearen erantzukizunak zehazteko. EAJren EBBko lehendakari Andoni Ortuzarrek esan du hauteskundeak errepikatuko direla “zenbait politikariren itxikeriagatik”, eta politikari horiek ez dutela egin "egin behar zutena". Antzeko iritzia du Itxaso Atutxa jeltzaleak: haren ustez, ez dute "benetako elkarrizketarako jarrera" erakutsi, eta akordioetara iristeko "borondate eta lanerako gogo gutxi" egon da.

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik "hondamenditzat" jo du hauteskundeak berriro egin behar izatea, bozen ostean atea ireki daitekeelako PSOEk eta Ciudadanosek osatutako gobernu baterako: "Gure ustez, [Espainiako] estatuak joko du autoritarioago izatera, murrizketa gehiagora, eta Kataluniaren eta nazio arazoen inguruko jarrera gogorragoetara". Horren aurka, proposatu du "batasunerako ahalegina" egitea "askatasuna murriztu beharrean zabaldu" nahi duten guztien artean.

PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiaren iritziz, Unidas Podemosek eta EAJk erakutsi dute ez direla "gobernu progresista baterako bermea", eta sozialistak izan direla gobernu progresista eratzearen alde "lan egin duten bakarrak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.