'Euskal ereduaren' onurak goratu ditu Ibarretxek AEBetan eginiko ikerketan

Hazkunderako gakoa giza garapen iraunkorra dela eta hartarako nork bere identitatea sustatu behar duela ebatzi du

Juan Jose Ibarretxe, atzo Bilbon egindako aurkezpenean, AEBetako eta Londreseko laguntzaileak alboan dituela. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Herriari buruzko ikerketa atzerrian egin du Juan Jose Ibarretxe Markuartu lehendakari ohi eta irakasleak, nazioartean prestigio handia duten unibertsitate eta erakundeen laguntzarekin. Ikerketaren emaitza, ingelesez jaso du oso-osorik, The Basque case: a comprehensive model for sustainable human development izenburua duen lanean (Euskal kasua, giza garapen iraunkorrerako eredu integrala). «Euskal eredu» bat egon badagoela ziurtatzen du; giza garapenerako onura handiak dituen eredua dela, gainera. Pertsona gisa, herri gisa, gizarte gisa eta ekonomikoki hazteko, kultura, identitatea, aintzat hartzen duen eredua. Garapen ekonomikoa nortasunari eutsita areagotzen duena. Ibarretxe beraren zein haren laguntzaileen hitzetan, nazioartean ere jarraitu beharreko eredua da. Krisi ekonomikotik atera daitekeela erakusten duen adibidea.

EHUk Bilbon duen Paraninfoan aurkeztu ditu ikerketaren ondorioak Ibarretxek, euskara, gaztelania eta ingelesa tartekatuta. Aurkezpenean ere, azterketan laguntzaile izan dituen erakundeetako ordezkariak izan ditu alboan: New Yorkeko Columbia Unibertsitateko, Washingtongo George Mason Unibertsitateko, eta Londresko EUCLID Network gatazken konponbiderako institutuko aditu bana.

Nortasunari eustea da gakoa

Euskal Herriak 1998. eta 2008. urte artean izandako garapena da azterketaren ardatza; «giza garapena lortzeko helburuz Euskadik bizitako eraldaketa politiko, ekonomiko eta soziala». Nortasunari eustea du arrakastarako gakotzat: «Nekez izango dute irtenbide ekonomiko eta sozialik euskal kasuak edo katalanak, munduaren aurrean diren bezala agertu ezin badira». Hortaz, I+G+B formula lantzen jarraitu behar dela azaldu du, baina horri, 'K' gehitu behar zaiola. «Ikerketa + Garapena + Berrikuntza + Kultura» dela arrakastaren oinarria.

Galdera nagusi bati erantzuten saiatu da Ibarretxe ikerketan: «Posible da beste mundu bat eraikitzea?». Eta baiezko erantzuna aurkitu du «euskal kasuan»: «Posible da merkatuari eta pertsonei begiratzea aldi berean». Horri heldu nahi dio, beraz: «Zertarako hazkunde ekonomikoa, ez bada pertsonen onerako?».

Hartarako, kultura unibertsalari lekuan lekukoa gehitu behar zaiola dio, tokian tokiko kulturak eta nolakotasunak unibertsala aberastu egiten duelako. Haren ustez okerra den sinesmen bat irauli beharraz ere ohartarazi du: «Kontsumoaren soldadu bihurtzen ari gara, baina hazkunde ekonomikoak ez dakar berez ongizatea eta zoriontasuna».

Nortasunari eustearen garrantzia behin eta berriz nabarmendu du: «Gure identitatean sakontzea ez dago soilik lotuta nazio proiektu politikoarekin, ekonomia eta ongizatea defendatzearekin baizik». Hala, autogobernuaren aldeko apustua egin du, seguru baitago EAEn autogobernuarekin batera hazi dela ongizatea.

Egungo egoera eta gorabehera politikoei buruz ez du mintzatu nahi izan lehendakari ohiak hedabideen aurrean egindako aurkezpenean, eman nahi duen mezua galdu egingo litzakeelakoan. Azterketaren ondorioak biltzen dituen lanean, hala ere, Euskal Herriak «bakerako aukera berria» duela dio, eta aukera baliatzeko «guztien ardura» eskatu du. «Porrot ez egiteko formula bakarra» elkarrizketa eta negoziazioa direla azaldu du, eta horretarako deia egin. ETAz gain gatazka politikoa egon badagoela ohartarazi du, eta hori bazterketarik gabeko elkarrizketa politikoarekin soilik gaindituko dela. Halaber, Euskal Herria nazio gisa aitortzeko beharra aipatu du, eta herritarrek bere etorkizuna erabakitzekogaitasuna aldarrikatu.

Euskal Herriaren enbaxadore

Ibarretxek agerian utzi du «bizitza berrian» gustura dagoela; zoriontsu, «oso pozik». Bide horretan segitzeko nahia azaldu du, gainera, «behar moral» gisa ere horixe sentitzen duelako: «Ni betiko izango naiz herri honen enbaxadore. Euskal Herria, euskal kultura eta nortasuna munduko plazan jartzea dut eginbehar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.