Ehunka lagun elkartu dira Durangoko Landako gunean ezker abertzalea birsortzeko asmoz Abian prozesuaren bukaera ekitaldian. "Amaitu da erresistentziarako ezker abertzalea. Euskal errepublika konfederal askea lortzeko kalean, eskoletan, lantegietan, erakundeetan eta hauteskundeetan lan egingo duen ezker abertzale berria aterako da gaur Landakotik", ohartarazi du Marije Fullaondok.
Joan den azaroaren 7an ekin zioten Abian prozesuari. Urte erdi batez barne gogoeta eta eztabaida prozesuan ibili dira. Otsailean aurkeztu zuten oinarrizko txostena, eta batzarretako kideen %80ren babesa lortu zuen. Ordutik sailka aztertzen ibili dira. Behin betiko dokumentua da gaur aurkeztu dutena. Igor Arroyok azaldu duenez, ezker abertzale berrituak hartu dituen hiru erabakiak biltzen ditu.
Batetik, "historikoki internazionalismoarekin eta independentziarekin izandako konpromisoa" berretsi dute, "mundu eredu berri" baten aldeko borrokan. Bigarrenik, Euskal Herriaren independentziarako lortzeko prozesua hastea erabaki dute. Ibilbide horrek lau ezaugarri izango dituela esan dute: aldebakarrekoa izango da, independentziaren aldeko hautua hegemoniko bihurtuko du, herritarren behar konpartituei erantzuna emango die eta herrigintza izango du ardatz. Hirugarren erabakia, barrura begira hartu dute; ezer abertzalearen kultura eta praktika politikoa berritu nahi dute, honako ardatz hauekin: parte hartzea, auzolana, elkartasuna, euskararekiko konpromisoa eta feminismoa.
Hurrengo urratsa uda aurretik egin nahi dute, Sorturen kongresuan. Alderdia ezker abertzalea bilduko duen erreferentea bihurtu nahi dute. Ondoren etorriko da LAB sindikatuaren eta Ernai gazte erakundearen biltzarrak.