1931ko apirilaren 13an aldarrikatu zuten lehenengoz, Eibarren, Espainiako II. Errepublika, eta hantxe egin du EH Bilduk gaurko ekitaldia. Euria goian behean ari bazuen ere, berrehundik gora jarraitzaile bildu dira udaletxe aurrean. Txalaparta hotsak eman dio hasiera ekitaldiari, eta denen artean bertso sorta bat kantatu ostean hartu dute hitza Oskar Matute eta Laura Mintegi hautagaiek. Bertan izan dira Gipuzkoako hainbat zerrendakide ere, besteak beste, Rebeka Ubera, Pello Urizar eta Marian Beitialarrangoitia.
Mintegik gogora ekarri du, besteak beste, euskal eskola publikoa eta emakumeen hainbat eskubide gauzatu zirela II. Errepublika garaian. "1936ko estatu kolpearekin herritarren eskubideak, hizkuntza, kultura... suntsitu nahi izan zituzten", jarraitu du, eta salatu du Francok ezarritako estatuburua duela oraindik Espainiak. "Zer aldatu da Francok utzitako hartatik?", galdetu du. Trantsizio garaira iritsita, Mintegik azaldu du Espainiako konstituzioa, besteak beste, espainiar militarren presiopean idatzi zela, eta salatu du hori "zuzenean" doala erabakitze eskubidearen aurka. Egungo egoeraren adibidetzat jarri du, ondoren, Kataluniako Diadaren inguruan militar batek esandakoa: "Nire gorpuaren eta beste militar askorenaren gainetik pasa beharko dute". Mintegik ohartarazi du EH Bilduk ez diela "euro bat ere" emango ez espainiar militarrei, ez errege familiari eta ezta Guardia Zibilari ere: "Zentimorik ere ez gure eskubideak urratzen dituztenei". Azkenik, euskal errepublika eratzearen alde egingo duela adierazi du, "Euskal Herri libre bat" lortzeko, "Europan eta munduan".
Kutsu historikoz hasi da Oskar Matuteren hitzaldia ere, Eibarren "iragan langilea" aldarrikatu du, frankismoaren aurkako erresistentziaren eredu izan dela iritzita. Hispanitate eguna dela-eta, Espainiak "konkistaren bandera" astintzen jarraitzen duela salatu du, eta adierazi du eurentzat Jatorrizko Herrien Erresistentziaren eguna dela gaurkoa. "Zergatik ez dute konstituzioa betetzen, etxebizitza, hezkuntza, osasun eta kultur eskubideak bermatzeko? Edo bankari ustelak espetxeratzeko?", galdetu du. Jarraian, PSE-EEri eta EAJri zuzendu zaie, eta adierazi du PSE-EE ez dela alderdi ezkertiarra, eta EAJ berriz, "Espainiara begira" dagoela. "Eredu hori garaitua dago", esan du, eta "Gora Eibar gorria! Gora EH Bildu!" oihukatuz amaitu du, jarraitzaleen txalo artean.