Euskal estatua xede, itun estrategikoa sinatuko dute EAk eta ezker abertzaleak

Adostutako oinarriak bide politiko, baketsu, eta demokratiko hutsak erabiltzeko konpromisotik haratago doaz

Pello Urzelai.
2010eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Ikusmin handia dago EAk eta ezker abertzaleak gaur Bilboko Euskalduna jauregian egin behar duten ekitaldiaren inguruan. Ez ekitaldiagatik beragatik, xumea izango baita, baizik eta sinatu behar duten hitzarmen estrategikoaren edukiagatik eta horrek aurrerantzean ekar ditzakeen ondorio politikoengatik. Eremu independentistan, aurrekaririk gabeko akordioa izango da, eta elkarlanerako aro berri bat ireki dezake.

Akordio estrategikoa da, euskal estatu independentea lortzeko helburuari erantzuteko asmoz egina. Helburu estrategiko horri begira, ibilbide hori elkarlanean egiteko oinarriak ezarriko dituzte EAk eta ezker abertzaleak gaur sinatuko duten dokumentuaren bidez. Oinarri horiek bitarteko politiko hutsak erabiltzeko konpromisoa baino haratago doaz, BERRIAk jakin ahal izan duenez. Independentziaren aldeko esparru politiko bat egituratzeko asmoa zehazten da oinarri horietan, baita Euskal Herri osoari begira egindako ituna dela ere, herrialde guztien berezitasunak kontuan hartuta.

Akordioaren edukiei dagokienez, atal bat eremu instituzionalari buruzkoa da, hau da, euskal estatuaren sorreraren egitasmoa garatzeari buruz eta egungo esparru juridiko-politikoa gainditzeko moduari buruz. Akordioko edukien beste atal bat gatazkaren konponbidearen ingurukoa da. Gatazka politikoa dela argi utzita, gatazka hori gainditzeko prozesu baten beharra jasotzen du itunak, baita alderdien arteko elkarrizketak izan behar dituen ardatzak ere; horiei lotuta,Mitchell printzipioak aipatzen dira. Halaber, bi alderdiek berretsiko dute bide politiko, baketsu eta demokratikoekiko konpromisoa.

Akordioaren garapena

Aipatutakoaz gain, gizarte arlo guztietan gutxieneko adostasun puntu batzuk jasoko ditu akordioak; adibidez, garapen iraunkorrari buruz, edo euskara, hezkuntza eta parekidetasunari buruz. Lehentasunezko arlo edo gai horietan elkarlanean aritzeko irizpide batzuk finkatu dituzte aipatutako bi indar abertzaleek.

Aurrera begira akordioa garatzeko modua ere aipagai da dokumentuan, independentisten indar metaketaren beharra eta hauteskundeetan lankidetzan jarduteko aukera aipatuz.

Ekitaldia gaur eguerdian hasiko da Bilboko Euskalduna jauregiko areto batean. Aretoa txikia denez, eta alde bakoitzeko 300na ordezkarik beteko dutenez, Internet bidez jarraitzeko aukera emango dute, bai EArenwebgunetik (www.euskoalkartasuna.org), bai ezker abertzalearen webgunetik (www.ezkerabertzalea.info). Halaber, Berria.info webguneak ere emango du ekitaldia, zuzenean. Nazioarteko hainbat gonbidatu izango dira Euskalduna jauregian, bertatik jarraitu ahal izateko ekitaldia, besteak beste, Irlanda, Flandria, Palestina, Katalunia, Galizia eta El Salvadortik etorrita. Ekitaldiaren hasieran, ikus-entzunezko bi lan emango dituzte, indar politiko bakoitzaren ibilbide politikoa laburbiltzeko. Ondoren, akordioaren edukiak azalduko dituzte eta, azkenean, EAko eta ezker abertzaleko hainbat kidek dokumentua sinatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.