Euskal gatazka politikoa

Euskal gizartea "plurala eta heldua" denez kontsultatua izatea nahi duela adierazi du Jose Elorrietak

Jose Elorrieta ELA sindikatuko idazkari nagusiak ETB-2ko 'El Punto' saioan adierazi duenez, euskal gizartea "plurala eta heldua" da, eta "kontsultatua izan nahi du". Elorrietak inkesten botatako datuak erabili ditu hitzetik hortzera, eta Euskal Autonomo Erkidegoko herritarren hamarretik zortzik kontsultatua izan nahi duela azpimarratu du. Bestalde, Ibarretxe planak "birtualitate handia" duela adierazi du, baina "unilaterala" dela nabarmendu.

2003ko azaroaren 5a
13:54
Entzun
ELA sindikatuko buruak azpimarratu duenez, euskal gizartearen %80a "bere etorkizuna erabakitzearen aldekoa da, kontsultaren aldekoa da, nahiz eta bakoitzak bere posizio politikoa izan". Datu horiek gizartearen "birtualitatea" adierazten dutela aipatu du, eta Ibarretxe plana proposamen bat gehaigo dela zehaztu. "Pluralitatea onartuz eta euskal gizartea heldua denez, kontsultatua izan nahi du", azpimarratu du Elorrietak.

Hala, PP prozesu honetan izaten ari den jarrera kritikatu du. "Indarrean dagoen legalitatean oinarrituz eta epaileen instrumentalizazioa erabiliz, PP txantaia handi bat egiten ari da", salatu du Jose Elorrietak. Jarrera hori "indar erakustaldia" dela esan du, eta "prozesua blokeatzea eta herritarren artean beldurra sortzea bilatzen duela" azpimarratu du. "Horrelakoetan Jaime Mayor Orejaren hitzak entzutea besterik ez dago", zehaztu du.

Euskal patronalaren "ixiltasuna"

Eztabaida lan arlora eramanez, Rodriguez Ibarra Extremadurako (Espainia) presidentearen hitzak ekarri dizkiote gogora Elorrietari. Ibarrak lanpostuekin ezin dela jokatu esan zuen eta Ibarretxe plana dela eta hainbat enpresa Euskal Herritik aldegitekotan direla. "Ez naute Rodriguez Ibarraren harritu, baina Confebask euskal patronalaren erantzuna faltan bota dut. Ixiltasun horrek harritu nau", nabarmendu du.

ELAko buruaren esanetan, horietako enpresa gizon batzuk PPrekin "lotura jakina" dute, eta "batzuk ez dira enpresarioak, egitura oso baten partaide baizik". MCC enpresa taldeari Espainiako Gobernuak egindako "mehatxua" ere hizpide izan du, eta "non dago euskal patronala?", galdetu du. "Nork defendatzen ditu enpresa gizon horiek? Zer ari da egiten Confebaskeko kupula egoera honi aurre egiteko?", galderak eginez erantzun du Elorrietak.

Hala, arlo kulturalean ematen ari diren erasoak, Martin Ugalde Kultur Parkea ixteko arriskua, Batasunaren ilegalizazioa ekarri ditu gogora Elorrietak. "Gure indarra hala ere beste nonbait dago. Pluralak gara, hitz egiten dugu eta gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugu", azpimarratu du ELA sindikatuko idazkari nagusiak.

Ibarretxe eta ELA

Elorrietak Juan Jose Ibarretxe lehendakariarekin hitz egiteko aukera izan dutela aipatu du, baina ez dela nahikoa izan. "Ibarretxe planak birtualitate asko ditu, baina unilaterala da. Guk arlo sozio-laboralean sumatzen dugu hutsunea", azpimarratu du. ELAko buruaren hitzetan, gizarte segurantzarei dagokion alorra planteatu duen moduan planteatuta "motz geratzen da", baina azkenean, euskal gizarteak erabakiko duela zehaztu du.

Lan-istripuez eta langabezia datuez ere mintzatu da Elorrieta. Lan-istripuak ugaritu egin direla datu erreal bat dela esan du ELAko idazkari nagusiak, eta "prebentzio politika sistematiko egokirik" ez dagoela salatu du. "Administrazioak utzikeria du gai honekiko, eta datuak begiratuz gero, hildako gehienak behin-behineko kontratua duten langileak dira, baldintza kaskarretan lanean ari direnak", nabarmendu du.

Azken hilabeteetan langabeziak gora egin duela-eta, ekonomiaren hazkunde eskasari bota dio errua. "Egoera honetan ezin da lanik sartu", esan du Elorrietak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.