Legeztatzearen aldeko manifestazioa

Euskal gizarteak Espainia jarreraz aldaraz dezakeela ohartarazi dute

Estatuak Gernikako Akordioaren eskaerei indarkeria gehiagorekin erantzun diela salatu dute sinatzileek

Akordioaren sinatzaileak, atzo, manifestazioaren bukaeran. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2011ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Gizarteak izan behar du Gernikako Akordioaren sinatzaileen ustetan, «martxan dagoen prozesuan protagonista eta motore bakarra». Are gehiago, ziur daude «Espainiar estatua jarreraz aldatzea» lortzeko gaitasuna ere baduela. «Eta aldatzea lortuko dugu», zioen atzo Maider Carrere Gazte Abertzaleetako kide eta akordioaren sinatzaileak, manifestazio bukaerako ekitaldian irakurritako mezuan. Harekin batera 2009ko azaroan Segiren aurkako sarekadan atxilotutako Mikel Totorika gazteak hartu zuen hitza, gazteleraz.

Azken aldiko gertaerekin, Espainiak euskal gizarteari Gernikako Akordioak piztutako itxaropenakendu nahi diola salatu zuten biek ala biek. Espainiako Auzitegi Gorenak Sortu ez legeztatzeko hartutako erabakiak, kasurako, ezinegona sortu duela iruditzen zaie. Baina, hori horrela izanik ere, atzoko manifestaziora bildutako milaka herritarrek «etsipena gainditu» dutela ohartarazi zuten. Hein berean, «berri gehienek txarrak izaten jarraitu arren», sinatzaileek lanean «adore handiagoz» segituko dutela iragarri zuten.

Euren hitzetan zeregin horretarako gizartean bultzada dute: «Euskal Herriko gehiengo zabalak dio ezin dezakegula amore eman; lanean jarraitu behar dugula, alegia».Hala, «elkarrizketa eta negoziazio politikorako mahaia ortzi mugan» dutela, «Gernikako Akordioa puntuz puntu beteta egon arte, Euskal Herriko gizarteari ibilian bidea eginez jarrai dezan tresnak» emango dizkiotela iragarri zuten Carrerek eta Totorikak, sinatzaile diren eragile guztien izenean.

Pasa den irailaren 25ean akordioa ezagutzera eman zutenean hainbat eskabide egin zituztela gogoratu zuten. ETAk erantzun duela diote sinatzaileek. «Urtarrilaren 10ean su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria jakinarazi zuen, eta duela gutxi zentzu horretan berretsi du bere konpromisoa». Frantziak eta Espainiak, berriz, ez dutela urratsik eman iruditzen zaie.Kontrara, Espainiak «indarkeria gehiagorekin erantzun» duela salatu dute. «Argi dago estatua ez dagoela halako prozesu bat egiteko prest, ez baitu horretarako heldutasun demokratikorik», nabarmendu zuen Gazte Abertzaleetako kideak.

Eskubide politikoak aldarri

Sinatzaileen ustetan, Espainia ez dago «euskal herritar askori beraien oinarrizko eskubide zibil eta politikoak errespetatzeko prest». Baina, hala ere, herritarrek gatazka konpontzeko eskatuz jarraitzen dutela sumatzen dute: «Euskal herritar guztien arteko elkarrizketa politikoa nahi du gizarteak».

Hala, Gernikako Akordioaren oinarriei aipamen eginez, gutxieneko baldintzak beteko dituen eszenatokia aldarrikatu zuten. Zentzu horretan «giza eskubide eta eskubide zibil eta politiko guztiekiko begirunea» eskatzen jarraituko dutela ohartarazi zuten. Bereziki, jarduera politiko guztien normalizazioa ezinbestekoa dela azaldu zuten Carrerek eta Totorikak,eta «horretarako beharrezkoak diren legalizazioak» exijitzen jarraituko dutela iragarri.Izan ere, ilegalizazioari «ateak behin betiko ixteko garaia» dela iruditzen zaie. Eta baita «estatuak bere helburu politikoak lortzeko indarkeria baliatzeari uzteko» ere. Azken batean, «aukera politiko guztiak legeztatzeko eta jarduera politiko guztiak normalizatzeko garaia» dela uste dute.

Espainiaren jokabideak aldaketa gehiago behar dituela iruditzen zaie, hala ere. Tortura desagertzeko neurriak hartzeko eskatu zuen, kasurako; eta Frantziako eta Espainiako espetxeetan dauden «euskal preso politikoak etxera ekarri arte, beraien eskubideak errespetatzeko». Halaber, akordioaren sinatzaileek «biktima guztien errekonozimendu eta erreparazioaren alde» lanean segituko duten konpromisoa berretsi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.