Espainiako erkidegoetako lehendakarien batzarra

Euskal gizartearen nahia errespetatzeko eskatu du Ibarretxek; Konstituzioaren erreforma "zentzuz" egin behar dela nabarmendu du Sanzek

Espainiako Erkidegoetako Presidenteen Konferentzian "errespetua" eskatzeko parte hartu duela adierazi du Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak batzarra amaitu eta gero. Zehazki, Espainiako beste nazio eta eskualdeetako presidenteei euskal gizartearen zein Eusko Legebiltzarraren nahia errespeta dezatela eskatu diela agertu du. Hego Euskal Herriko beste ordezkariak, Miguel Sanz Nafarroako presidenteak, berriz, Espainaiako Konstituzioa erreformatzekotan "zentzuz eta Estatu arduraz" egin behar dela azpimarratu du.

2004ko urriaren 28a
19:31
Entzun
Ibarretxek azaldu duenez, elkarrizketa "oso garrantzitsua" da, eta hori izan da gaur Madrilgo Senatuan egin den bileran parte hartzera bultzatu duen arrazoietako bat. "Denetarik hitz egin behar dugu, eta denekin. Zentzu horretan oso garrantzitsua da alde askotako elkarrizketa, beste nazio eta eskualdeetako presidenteekin elkarrizketatzea", esan du Jaurlaritzako lehendakariak. Baina, zehaztu du, aldeko askotako elkarrizketa bezain beharrezkoa dela alde bikoa, hau da, "Espainia eta Euskadiren artekoa". Ildo horretatik, aslde askotako elkarrizketak zein alde bikoak izaten jarraituko duela iragarri du.

Batzarrean zabaldu duen mezuari dagokionez, "errespetua" eskatu duela argitu du Ibarretxek; euskal gizartearen nahia zein Eusko Legebiltzarrarena errespeta dezatela eskatu diela beste presidenteei. " Argi eta garbi esan diet Estatu akordio komun bat edukitzeko behar-beharrezkoa dela besteenganako errespetua, gure kasuan euskal gizartearenganako errespetua. Estatu komun bat edukitzeko oso garrantzitsua baita nazio eta eskualdeen nahia errespetatzea, eta, beraz, euskal gizartearen eta Eusko Legebiltzarraren nahia errespetatzea", adierazi du.

Espainiako presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok deituta, Espainiako Autonomi Erkidegoetako Presidenteak Madrilen bildu dira gaur, Senatuaren egoitzan, hain justu, erkidegoen ereduan abian jarri zenetik aurreneko aldiz. Osasun arloaren finantziazioa eta erkidegoek Europan izango duten ordezkaritza izan dituzte mintzagai, eta datorren udaberrian berriro ere tankera bereko Konferentzia egingo dela iragarri du Zapaterok.

Sanzek ez du bat egin PPren Estatu ereduari buruzko agiriarekin

Hego Euskal Herria zatikatzen duten bi erkidegoetako presidenteek hartu dute parte: hau da, Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak, eta Miguel Sanz Nafarroako Gobernukoak. Sanzek agertu du Espainiako Konstituzioa erreformatzekotan aldaketa hori "zentzuz eta Estatu arduraz" egin behar dela, eta 1978an lortu zena baino adostasun handiagoa bilduz. Horretarako laguntza eskaini dio Zapaterori.

Horrez gain, Sanzek agertu du Espainiako Gobernuak Nafarroan egiten dituen azpiegitura inbertsioak murriztu egin direla, eta horrek kezka sortzen diola adierazi duela batzarrean. Halaber, Konstituzioan erkidegoen izenak sartzea erabakitzen bada "behin-betiko" egin behar dela, eta horretarako, EAE eta Nafarroa bat egitea aurreikusten duen laugarren disposizio trantsitorioa ezabatu beharko litzatekeela.

Nolanahi ere, Nafarroako presidenteak ez du bat egin Estatu ereduari buruz PPko erkidegoetako lehendakariek aurkeztu duten agiriarekin. Esperanza Aguirre Madrilgo Erkidegoko presidenteak adierazi du Jordi Sevilla Espainiako Administrazio Publikoetako ministroari helarazi diotela txosten hori, PPko presidente guztien izenean, aho batez. Sanzek, ordea, agiri horri buruz ezer ez dakitela agertu du.

Batzarra amaituta Espainiako erregearekin bazkaltzera joan dira presidente guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.