Euskal Herriko Unibertsitateak Euskal Gramatika: Egiturak eta Osagaiak (EGEO) lana aurkeztu du gaur goizean, Bilboko Bizkaia aretoan. Patxi Goenaga euskaltzaina da lanaren egilea, eta Beatriz Fernandez hizkuntzalariak editatu du. «Hizkuntza deskribatu arren arazo teorikoei muzin egiten ez dien gramatika da», adierazi du Fernandezek. Izan ere, argitaratutako lana ez da «arau emailea», «hizkuntzaren hausnarketa teoriko bat» baizik. EGEOEHUko Euskara Institutuaren webgunean kontsultatu daiteke.
Perpaus bakunari buruzko hamar kapitulu sortu dituzte; besteak beste, izenari eta izen sintagmari buruzko kapitulua, eta zenbatzaileei eta zenbatzaile sintagmari buruzkoa. «Lanaren dimentsioari buruzko ideia bat emateko: paperera ekarriko bagenu, liburu batean, 500 orrialde izango lituzke», zehaztu du Eva Ferreira EHUko errektoreak. Hala ere, ez dute paperean argitaratzeko asmorik.
«Hizkuntzaren teoria da gramatika», esan du Goenagak. Eta gramatikaren garrantzia azpimarratu du: «Gramatika perpausak osatzeko teoria da; perpausak nola osatzen diren eta perpausen osagaiak zeintzuk diren». Are gehiago, lanaren bitartez, gramatika hitzari batzuetan erantsi zaion «kutsu negatiboa» kendu nahi izan diote. «Gramatikarik ez balitz, hizkuntzarik ere ez litzateke izango; eta, alderantziz, hizkuntzarik gabe, ez litzateke gramatikarik izango». Goenaga betidanik izan da gramatikaren «maitalea», eta aitortu du bere zaletasuna «areagotuz» doala.
Unibertsitateko ikasleei zuzenduta
Bereziki, unibertsitateko ikasleei zuzenduta sortu dute EGEO. Fernandezen esanetan, lana ez da euskara ikasten ari diren pertsonentzat: «Lanak ez du azaltzen zeintzuk diren arauak eta testu bat nola idatzi behar den; esate baterako, adposizio bat zer den azaltzen du, baina ez esaldi batean non jarri behar den». Hortaz, «hizkuntza zer den» jakin nahi dutenentzat da, «hizkuntza aztertu nahi duenarentzat».
Nahiz eta proiektuak erabiltzaile jakin bat izan duen helburu, edonork kontsultatu dezake lana. EGEO-ren edizioa artikulu zientifikoak argitaratzeko erabili ohi den edizio estandar batekin egin dute. Horrek esan nahi du argitaratutako edukia aldatzeko eta ustiatzeko aukera dagoela.