Euskal gramatika eta Egungo Euskararen Hiztegia sarean jarri ditu EHUk

Atal guztiak kontsultatzeko moduan daude, baina etengabe elikatu eta berriztatzeko asmoa du EHUk

gotzon hermosilla
Bilbo
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Euskal gramatika da, baina euskararen inguruko entziklopedia baten antz handiagoa du. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak abian jarritako SEG Sareko Euskal Gramatika egitasmoak gramatika arrunt baten mugak gainditzen ditu, eta, euskararen barne arauak zertan diren azaltzeaz gain, soziolinguistika, euskararen historia, fonologia eta euskalkien inguruko argibide ugari eskaintzen ditu, besteak beste. Dagoeneko sarean da, www.ehu.es/seg helbidean.

Hainbat atalek osatzen dute Sareko Euskal Gramatika. Hiztegiena da horietako bat. Orotariko Euskal Hiztegiaz eta Ibon Sarasolaren Zehazki gaztelania-euskara hiztegiaz gain, beste tresna batzuk eskaintzen ditu webguneak, hala nola Egungo Euskararen Hiztegia. Beste hiztegi batzuekin alderatuta, horren ezaugarri nagusia da gaur egun erabiltzen den euskara hartzen duela oinarritzat. Izan ere, 2000. urtetik aurrera idatzitako testuak hartu dira aintzat hiztegia osatzeko, urte hartan argitaratu baitzuen Euskaltzaindiak Hiztegi Batua, euskal lexikoa finkatzen duen lan mardula. Egungo Euskararen Hiztegia ez dago oraindik osatua: atzo bertan, D letrari dagozkion 2.811 sarrera berri sartu zituzten webgunean. Izan ere, egileen asmoa da webgunea etengabe osatu eta eduki berriekin hornitzea.

Ereduzko Prosa Gaur izeneko corpus mardulean oinarritzen ari dira Egungo Euskararen Hiztegia egiteko. 25 milioi berbak osatzen dute corpus hori, 2000. urtetik 2006ra arteko literatur lanetako zein prentsa idatziko testu aukeratuetatik hartutakoek. BERRIA egunkaritik, esaterako, hamar milioi hitz hartu dira. Beste corpus batzuk ere jasotzen ditu Sareko Euskal Gramatikak, esaterako, ETBren Goenkale saioan erabilitakoa emititzen hasi zirenetik.

Sarearen abantailak

Sarean garatutako proiektua izanik, teknologia berriek eskaintzen dituzten lanabes guztiak baliatu dituzte Sareko Euskal Gramatika atontzeko. Lotura, grafiko, irudi, entzunezko grabazio eta bideo ugarirekin hornitu dituzte webgunearen atalak. Euskalkien ingurukoan, esaterako, tokian tokiko hiztunei grabaturiko audio eta bideoak jarri dituzte eskura.

Morfosintaxia, hizkuntzalaritza aplikatua, fonetika eta fonologia, euskararen historia eta beste hainbat atal ere jorratzen ditu Sareko Euskal Gramatikak. Zalantzak argitzeko txokoa ere paratu dute;izan ere, hizkuntzalaritzako aditu eta ikertzaileentzat ez ezik, euskararen inguruan interesa duen edozein hiztunentzat ere bada tresna informatiko berria.

Pello Salaburu, Patxi Goenaga eta Ibon Sarasola hizkuntzalari ezagunek zuzendu dute egitasmoa, baina EHUko zein beste hainbat unibertsitatetako irakasle ugarik hartu dute parte horretan, duela hiru urte abian jarri zutenetik.

Proiektua «modernoa, zabala, jende askoren parte hartzeari esker garatua eta bizia» dela adierazi du Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak aurkezpenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.