KOMUNIKAZIOA

Euskal hedabideek eta Gipuzkoako Aldundiak mahai bat eratu dute

Euskal komunikabideen azterketaz arduratuko da. Goizeko bileran, diru laguntzak eta hitzarmen politikak, publizitatea, euskal hedabideen elkartea eta komunikabideen behatokia izan dituzte mintzagai nagusiak.

2012ko uztailaren 12a
18:18
Entzun

Herri Ekimeneko Euskal Hedabideetako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek euskal hedabideen azterketaz arduratuko den mahaia eratu dute gaur goizean. Hedabideek maiatzean aurkeztu zuten sektoreak bere esparruaz egindako diagnostikoa eta orain bien arteko azterketa lanari ekin diote. Hedabideen aldetik, Iban Arregi (BERRIA Taldea), Inazio Arregi (Tokikom), Maria Gil (Elhuyar) eta Xabier Letona (Argia) izan dira; diputazioaren aldetik, Zigor Etxeburua Euskara zuzendaria eta Haritz Salaberria diputatu nagusiaren kabinetekoa.

Diru laguntzak eta hitzarmen politikak, euskarazko hedabideetara bideratutako publizitatea, euskal hedabideen elkartea eta hedabideen behatokia izan dituzte mintzagai nagusiak. Hedabideetako ordezkariek adierazi dute beren lana eta proiektuak aurrera ateratzeko baliabide gehiago behar dituztela, eta nahiko luketela aldundiak aztertzea aukerarik ba ote dagoen diru laguntza politikak utzita hitzarmen politikak lantzeko. Agintarien esanetan, diputazioak badu sostengu ekonomikoa handitzeko borondatea, baina onartu dute aurrekontuaren aurreikuspenak estuak direla eta borondate hori gauza litekeen aurrerago ikusi behar dela.

Aurrera begira, udazken hasieran berriro biltzekotan geratu dira, gaur mahaian hitz egindakoaren jarraipena egiteko. Ordurako, gainera, Herri Ekimeneko Euskal Komunikabideen Elkartea osatuta egongo dela adierazi dute hedabideetako ordezkariek eta horrek mintzaide lanak erraztuko dituela azpimarratu dute.

Alde biek nabarmendu dute gaurko bileraren garrantzia, eta argi adierazi dute epe luzera egin beharreko elkarlanaren hasiera dela.

Herri Ekimeneko Euskal Hedabideetako ordezkariak Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin ere batzartu dira azken hilabeteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.