Euskal Herri osoko ikastetxeen esku jarri dituzte 23. Korrikaren unitate didaktikoak

Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko jarduerak proposatu dituzte. Ikastolen Elkarteak eta AEK-k ondu dute proiektua.

Korrika
AEK-ko eta Ikastolen Elkarteko ordezkariak, gaur. KORRIKA
Irati Urdalleta Lete.
2024ko urtarrilaren 22a
15:00
Entzun

Korrika 11 egunez euskararen alde egiten den ekinaldi bat baino gehiago da. Balio dezake hausnartzeko, jarrerak aldatzeko. Baita haurren eta gazteen artean ere. Horretarako sortu dituzte ikastetxeetan lantzeko 23. Korrikaren unitate didaktikoak, AEK-k eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean, eta gaur aurkeztu dituzte.

«Ba al dakizue zer den Korrika? Zein mezu eman nahi izan digute Harro Herri leloarekin? Prestatu al duzue petoa Korrika txikirako? Zer egin genezake euskararen erabileran eragiteko?». Askotariko galderak eta egitasmoak proposatu dituzte unitate didaktiko horietan, eta Euskal Herri osoko ikastetxeetan hedatzea nahi dute. Zertarako? «Unitateok helburu dute euskararen erabilera sustatzea eta indartzea eta, noski, euskararen aldeko ekimenaren girotze lana egitea», azaldu dute.

Azken bi aldietan egin bezala, unitateak modu digitalean argitaratu dituzte. Interesa duten irakasleek www.korrika.eus webgunean sartu baino ez dute horiek eskuratzeko. Gainera, nabarmendu dute jarduerak ez direla soilik Euskara irakasgaian lantzekoak: «Hainbat irakasgaitan erabiltzeko pentsatuta daude: esaterako, Gorputz Hezkuntzan».

unitate didaktikoak

  • Harro unitatea. 3 eta 6 urte bitarteko ikasleentzako unitatea da. 
  • Herri unitatea. 6 eta 9 urte bitarteko ikasleentzako unitatea da.
  • Orro unitatea. 9 eta 12 urte bitarteko ikasleentzako unitatea da.
  • Korri unitatea. 12 eta 18 urte bitarteko ikasleentzako unitatea da.

Unitateak adinaren arabera banatuta daude. Harro eta Herri unitateetan, proposatu dute edukiak ikasgelako arbel digitalean proiektatzea; Orro eta Korri unitateetan, berriz, ikasleek ordenagailu eramangarriak erabil ditzakete webgunean sartzeko.

Askotariko jarduerak daude batzuetan eta besteetan. Esaterako, 23. Korrikaren logoaren atzeko hondoak euskararen eta euskal kulturaren inguruko erreferentzia ugari ditu. Jardueretako batean, ikasleek horiek identifikatu beharko dituzte, antzeko irudiak sortu, horma irudi handi bat eraiki... Halaber, Korrikaren omenduaren inguruko lanketa ere egin dezakete beste ariketa baten bidez. Horrela, nahi dute ikasleak jabetzea Ipar Euskal Herrian azterketak euskaraz egiteko arazoak dituztela. «Seaskaren Azterketak Euskaraz kolektiboari elkartasun gutunak bidaltzea proposatzen da», adierazi dute.

Irakasleentzako jarraibideak

Ikasleentzako edukiak ez ezik, irakasleentzako jarraibideak ere landu dituzte AEK-k eta Ikastolen Elkarteak. Gida didaktikoak prestatu dituzte: «Unitate bakoitzari dagokion gida deskargatzeko aukera dago; jarduerak aurrera eramateko argibide guztiak daude horietan».

Iraupenari dagokionez, proposatu dute bi asteko kanpaina egitea. Halere, irakasle bakoitzaren esku utzi dute Korrikari buruzko edukiak denbora gehiagoan edo gutxiagoan landu erabakitzea. Lantzeko moduari dagokionez ere, antzera: «Edukiak adin tarteka banatuta egon arren eta jarduerek nolabaiteko hurrenkera izan arren, irakasle taldearen esku geratuko da jarduera guztiak gauzatuko dituzten, aukeraketa bat egingo duten, beste adin tarte baterako jardueraren bat egokitu nahi duten... Azken batean, materiala ez da zurruna, eta nahieran erabil daiteke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.