Euskal Herri plurala adosteko eztabaidagaiak mahai gainean jarri dituzte

EH 11 Kolorek eztabaidarako bi txosten aurkeztu ditu.Hizkuntza aniztasuna eta lan eskubideak aztertu dituzte.Aurki erlijioei eta herritartasunari helduko diete

Mendiguren, Petriati, Barber eta Miragaya, bi txostenak aurkezten. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2014ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
EH 11 Kolore ekinbideak bi txosten aurkeztu ditu, eztabaidarako oinarri gisa: Jatorri aniztasuna eta lan eskubideak eta Euskara eta hizkuntza aniztasuna. Euskal Herri Anitzarentzat Adostasunak egitasmoaren barruan landu dituzte Gasteizen atzo aurkeztutako bi txosten horiek, non eragile sozialei dei egin baitiete «eztabaida zabal eta hausnarketa sakon» batera. Xabier Mendiguren EH 11 Koloreko bozeramaileak gogorarazi du egitasmo horren helburua dela «Euskal Herriak beharrezkoa duen kultur eta jatorri aniztasunaren kudeaketa eredu demokratikoa» eraikitzea.

Mendigurenek nabarmendu du Euskal Herriak bazterkeriarik gabeko aniztasuna duela. Hori dela eta, «hainbat botere eremutatik» elkarbizitza hori apurtzeko izan diren jarrerak salatu ditu. «Herritarren artean gorrotoa eta gatazka sustatzeaz gain, jatorri edota kulturen araberako zatiketa egiteak gizartea jarrera arrazista eta xenofoboetara bultzatzeko arriskua dakar».

Euskal Herriko gizartea jarrera hori «indargabetzeko» gai izango dela gaineratu du Mendigurenek. EH 11 Kolorek aurkeztutako bi txostenak elkarbizitzaren oinarriak adosteko bidean daude, baita datozen asteetan aurkeztuko dituzten beste bi txosten ere. «Sentsibilitatea» sortzen duten gaiei heltzea dute xede lanotan: Erlijio aniztasuna eta jendarte laikoa eta Hiritartasuna eta naziotasuna.

Txosten horiek aurkeztu ondoren eztabaida abiaraziko dute, aipatu testuak landu dituzten eremuetako ordezkariekin: gizarte eragileak, akademikoak, kulturalak, sindikatuak, alderdi eta erakundeetako ordezkariak... Eztabaida prozesua 2015ean hasiko dute, baita han hausnartutakoa jakinarazteko prozesua prestatu ere.

Halaber, Mendigurenek azaldu du beste hainbat eragile ere lanean ari direla bizikidetzaren arloan, EH 11 Kolorek lan ildo horiek abiarazi baditu ere. Besteak beste, Gora Gasteiz ekinbidea aipatu du; gogorarazi du EH 11 Kolorek ere manifestu hori sinatu duela. «Indarrak batu nahi ditugu, azken batean helburuak lortzea baita jomuga».

Euskaldun eleaniztunak

Garbiñe Petriati Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak aurkeztu ditu Euskara eta hizkuntz aniztasuna txostenaren ildo nagusiak. «Egun euskal herritarrek hitz egiten dituzten hizkuntzak aberastasun dira, eta eleaniztasun hori Euskal Herriarentzat ere aberastasuna da». Txostenak mahai gainean jarri du aberastasun horri eustearen eta, aldi berean, euskara berreskuratzeko prozesuan aurrera egitearen garrantzia. «Euskara da kultur kohesiorako bidea, aniztasunean batzen gaituena».

Hori lortzeko, Euskal Herrira heldutakoei identitate anizkuna garatzeko aukera eskaintzea proposatu du txostenak. Eskolek bizikidetza eta inklusiorako tresnak izan behar dituztela gaineratu du, eta ikasle euskaldun eleaniztunak bermatu behar direla. Halaber, helduei euskara ikasteko aukera eman behar zaiela iradoki du, «dirua, distantzia edota ordutegia» horretarako oztopo izan gabe. «Elkarbizitza eta integraziorako tresna nagusia den heinean, ezinbestekoa da herritar orori euskara ikasteko eskubidea bermatzea».

Lan baldintza berberak

Jatorri aniztasuna eta lan eskubideak txostenak nabarmendu du Euskal Herrian bizi den pertsona oro beharrezkoa dela. «Pertsona guztien eskubideen alde borrokatzea ezinbestekoa da, gizarte justuago eta solidarioago baten bidean urratsak egiteko». ESK sindikatuko kide Xabier Barberrek eta Bizkaiko SOS Arrazakeriako kide Anjel Miragayak aurkeztu dute idatzia, baita gogorarazi ere migrazioa aberastasunaren banaketa desorekatuaren emaitza dela «neurri handi batean».

Desoreka hori eragozte aldera, zenbait proposamen egin dituzte txostenaren egileek. Alde batetik,soldatapeko lanetan pertsona guztiek eskubide eta lan baldintza berberak izatea eskatu dute. Horrek Euskal Herriko biztanle guztiei mesede egingo diela azaldu dute, lan eskubideak bermatze aldera. Bestetik, emakumezko migratzaile atzerritarren egoeran «arreta berezia» jartzeko eskatu dute, egoera «prekarioagoetan» bizi baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.