Munduko hainbat gatazkei buruzko konferentzia egiten ari dira Kurdistango Diyarbakir hirian, eta Euskal Herriak ere izan du bere tokia. Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak eta Miren Legorburu ezker abertzaleko kideak Euskal Herriari buruzko hitzaldiak eman zituzten, atzo.
Miren Legorburuk gogora ekarri zituen bere lekuan egon behar zutenak, «baina Espainiak espetxeratu egin ditu; horrexegatik, hain justu: bake bidean politika egiteagatik». Zutik, Euskal Herria agiriaren azalpena egin zuen Hondarribiko zinegotziak: «Aldaketaren atarian gaudela esaten dugu, eta ez dugu atarian gelditu nahi, jokoan dago autonomia berritu edo lurraldetasuna eta erabakitze eskubidea aintzat hartuko dituen marko berri batera heltzea». Sufrimendua alde guztietan dagoela gogoratu zuen, «baina jatorria ukazioan dago. Independentismoaren hautua posible ez den artean gatazka luzatu egingo da».
Mugimendu kurduak behin baino gehiagotan aipatu ditu Espainiako Konstituzioa eta autonomia estatua Kurdistango auzirako konponbide gisa. Legorburuk eta Jon Abrilek nabarmendu zuten Euskal Herriak Espainiako Konstituzioa ez zuela onartu eta gogorarazi «Estatuaren batasuna» armadaren esku dagoela. «Guk inoiz ez diogu esango herri kurduari nola jokatu, herri kurduak erabaki beharko du», esan zuen Legorburuk, «baina Euskal Herriaz ere euskaldunok erabaki behar dugu, ez Espainiak eta ez beste inork».
Jon Abrilek euskal herritarren erabakiak Madrilen topatu dituen ezetzak aipatu zituen, hala nola Ibarretxeren Plana eta 2008ko Kontsultarako Legea. Nabarmendu zuen orain arteko prozesuetan metodologia aurretik zehaztea falta izan dela, «Ipar Irlandan ez bezala». «Hor aldatu behar da eskema, prozesuak arrakasta izan dezan, baketze eta akordio politikorako prozesuak bereizi egin behar dira». Azkenik, esan zuen herriari hitza ematea dela «ariketa demokratikorik onena». «Quebec-en eta Eskozian ez dago arazorik, baina Frantziak eta Espainiak horretaz eztabaidatzeko aukera ere ukatzen dute».
Negoziazioa eta gatazken konponketari buruzko nazioarteko konferentzia atzo hasi eta gaur amaituko da Diyarbakirren. Ipar Irlandako, Euskal Herriko eta Hegoafrikako esperientziak izan ziren atzo hizpide. Gaur Kurdistango gatazka konpontzeko ereduez eta aukerez mintzatuko dira.
Euskal Herria ukatua dela salatu dute Kurdistanen
Miren Legorburuk eta Jon Abrilek hitzaldia eman dute Diyarbakir hirian, Euskal Herriko gatazkari buruz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu