Euskal Herriak behar zuen atlasa

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak 'Imago Vasconiae' liburua aurkeztu dute, Euskal Herriko lehen atlas kartografikoa.

Oleaga eta Esparza, 'Imago Vasconiae' liburuaren aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Oleaga eta Esparza, 'Imago Vasconiae' liburuaren aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
marcos tedin
Bilbo
2024ko apirilaren 18a
17:30
Entzun

«Mapa zuk zeuk egin ezean, egin egingo dizute», esan du Jose Mari Esparza idazleak (Tafalla, Nafarroa, 1951) gaur, Imago Vasconiae. Euskal Herria: kartografia historikoaren atlasa liburuaren aurkezpenean. Haren ustez, Txalaparta argitaletxearekin batera argitaratu berri duten lana ezinbestekoa da «herria eratzeko», Euskal Herria historian nola irudikatu duten erakusten baitu. Izan ere, hirurehun mapa jasotzen dituen obra hori Euskal Herriko lehen atlas kartografikoa da. Egileak, Esparza bera eta Ramon Oleaga (Bilbo, 1958), «oso-oso harro» azaldu dira egindako lanaz.

Laboral Kutxaren Bilboko lurralde egoitzan aurkeztu dute gaur; Oleagak atlasaren gakoak eman ditu, eta obran sartu dituzten mapa batzuk aurkeztu ditu. «Kartografia historikoaren esparruan, gure herrian erakusketa puntualak islatzen dituzten katalogoak argitaratu dira, baita lurralderen baten irudikapenaren bilakaera nolabait azaltzen duten obrak ere», azaldu du: «Baina ez zegoen Euskal Herria oso-osorik hartzen zuen obrarik, hau da, lurraldea historian zehar kartografian nola islatu den azaltzen zuen obrarik».

«Mapak ez dira hutsalak; oso inportanteak dira identitateak eraikitzerakoan».

 RAMON OLEAGA Ikerlaria

Mapak «botere tresnak» izan direla ziurtatu du Oleagak: «Mapak ez dira hutsalak; oso inportanteak dira identitateak eraikitzekoan». Horretan datza obra honen garrantzia, autoreen ustez. Aurkezpenean adierazi dutenez, Euskal Herriari falta zitzaion kartografia lan osagarri bat. Behar horri erantzuteko osatu dute Imago Vasconiae

Joseba Agirreazkuenaga EHUko Historia Garaikideko katedradunak idatzi du hitzaurrea, eta aurkezpenean izan da; adierazi du Imago Vasconiae «azpiegitura zientifiko eta kultural baten obra» dela. Esparza eta Oleagaren lana goraipatu du: «Ez da obra arrunt bat, bi ikerlariren esperientzia baten emaitza bat baizik; izan ere, bi ikerlari horiek mapa ekoizpenaren ezagutza kritiko bihurtu dute euskaldunon irudikapen kartografikoarekiko grina».

«Euskal Herriak atlas bakar bat izango du gaurtik aurrera, eta atlas horrek Baskoniak historian izan duen bilakaera ulertzen lagunduko digu». JOSE MARI ESPARZAIkerlaria

«Humboldtek esan zuen bezala, ehun izenen herria gara tamalez», azaldu du Esparzak, Euskal Herriak urteetan izan dituen izen ugariengatik. Horrez gain, azalpen sakonagoa eman du Nafarroak historian izan duen izen diferenteen inguruan, eta zera aipatu du: «Nafarra izanda, bereziki kontent nago, Nafarroan arazo handi bat daukagulako lurraldetasunari dagokionez». Ikerlariak uste du lan hau baliagarria izango dela lurraldeak izan dituen aldaketak ikasten jarraitzeko: «Euskal Herriak atlas bakar bat izango du gaurtik aurrera, eta atlas horrek Baskoniak historian izan duen bilakaera ulertzen lagunduko digu».

Gaurtik aurrera eskuragarri

Txalaparta argitaletxeak argitaratu du liburuaren diptikoa: «Lurralde jakin batean bizi den munduko edozein herrik, naziok, estatuk edo erkidegok ospakizun handia du bere kartografia historikoa biltzen duen atlas bat lehen aldiz plazaratzea. Guk, ordea, Europako herririk zaharrenetako batek, artean ez genuen atlasik». Horretan arrazoitu dute lanaren garrantzia: «Ondo merezia genuen molde honetako lan bat sortzea, hain beharrezkoa gure hutsune bibliografikoan, eta hori gure jendearen arabera egitea». Lana amaituta, proiektuan parte hartu eta lagundu duten guztiei eskerrak eman dizkiete: «Ezinbestekoa izan dugu, halaber, Laboral Kutxaren lankidetza —gure herrialdearen kartografia zabaltzen aitzindari—, artxibozain eta liburuzainen laguntza, eta hainbat lagun aberkideren zein kanpotarren ekarpen boluntarioa». Esparzak erantsi du auzolanaren emaitza dela obra.

Imago Vasconiae lana hiru kiloko «liburukote» —modu horretan deskribatu du Oleagak— bat da, eta bertan aurki daitezke euskal herritarrek zein kanpotarrek egindako mapak, bakoitza azalpen batekin, lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Jatorrizko hirurehun mapa horiek munduan zehar sakabanatuta daude: Moskun, Buenos Airesen, Habanan eta Londresen, besteak beste. Jaso duten maparik zaharrena Abaunzko (Ultzama, Nafarroa) mapa da, duela 13.000 urte baino gehiago harrian eginikoa. 440 orri ditu liburuak, eta bi eratan eros daiteke: estutxearekin eta estutxe barik. Lehenengoak 250 euro balio du; bigarrenak, 215. Liburuaren xehetasun gehiago ezagutarazteko, imagovasconiae.eus webgunea sortu dute. «Erosi nahi genukeen liburua idatzi dugu», adierazi du Oleagak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.