Kataluniako erreferenduma

Euskal Herrian ere, milaka gazte erreferendumaren alde

Ernai gazte erakundeak deituta manifestazio jendetsuak egin dituzte Kataluniari elkartasuna adierazteko. ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek osatutako gehiengo sindikalak ere mobilizazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Bideoak albistearen barruan.

Ernairen mobilizazioa Kataluniako erreferendumaren alde, gaur, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
gotzon hermosilla
2017ko irailaren 28a
13:27
Entzun

Ernaik antolaturiko manifestazioetan milaka lagunek hartu dute parte, eta "Independentzia", "Katalunia aurrera", "Bi herri, borroka bakarra" eta antzeko oihuak egin dituzte. Bilbokoa Plaza Eliptikoan hasi da, eta Albia lorategietan amaitu; ham, ertzainak jende artera sartu dira eta hesi bat egin dute justizia jauregiaren aurrean. Tentsio une batzuk egon diren arren, antolatzaileek "probokazioetan ez erortzeko" deia egin dute eta ez da inolako istilurik egon.

Manifestazioen osteko ekitaldi politikoetan, Ernaiko kideek atzera begiratu dute, eta azaldu dute "1978ko erregimenak" frankismoan eta horren osteko trantsizioan dituela sustraiak. "Baina 1978ko erregimena urriaren 1ean amaituko da", erantsi dute. "Frogatu da egitasmo independentista dela erregimena apurtzeko egitasmorik eraginkorrena".

Euskal Herrian ere "sortutako arrakala aprobetxatzeko" deia egin die Ernaik gazteei. "Ez diogu inori baimenik eskatuko aske izateko. Ez gara espainolak edo frantsesak, Euskal Herri aske batean bizi nahi dugun euskal gazteak gara".

Gasteizko manifestazioko irudiak, ondorengo bideoan:

Sindikatuak ere

ELAko Adolfo Muñozek eta LABeko Garbiñe Aranburuk parte hartu dute gehiengo sindikalak Bilbon egin duen elkarretaratzean. Aranburuk esan du Espainiako Estatuak "salbuespen egoera" ezarri duela Katalunian eta "errepresioa" erabiltzen ari dela erreferenduma galarazteko. "Ez du zentzurik adosturiko erreferendumaren, elkarrizketaren eta aldebikotasunaren bidea aldarrikatzen jarraitzeak", erantsi du. EAJren jarrera kritikatu du, eta esan du PPren ahulezia baliatzea "soilki apur batzuk eskuratu ahal izateko" Euskal Herriari "iruzur" egitea dela.

Muñozek ere EAJren jarrera hartu du ahotan, eta alderatu egin ditu Katalunian ikusten duen "borondate sendoa" eta Ibarretxe plaza aurkeztu zenean erakutsitakoa. "Proposamena tramiterako ere ez zuten onartu, eta ez zen ezer gertatu; galdeketa agindu ziguten, eta ez zen horrelakorik egin; eta, horren ordez, EAJk aldebikotasuna kontzeptua asmatu zuen". Muñozen ustez, aldebikotasunak zentzua du "soilki euskal aldeak bere posizio politikoa baztertzen duenean".

Euskal Herrian ere prozesu subiranista bat abian jartzeko egokitasuna nabarmendu du Muñozek, baina esan du erabakitzeko eskubidea ezin dela "lelo hutsa" izan eta "edukiz" bete behar dela: "Horren alde gaudenok gutxieneko batzuk adostu behar ditugu", azaldu du, eta arlo horretan eskaera egin die euskal erakundeei; "demokrazia sindikala" errespetatzea, "hori ere erabakitzeko eskubidea delako".

Bilbon ez ezik, Iruñean ere jende ugari bildu da Kataluniaren alde deitutako mobilizazioetan.

Bilboko irudiak ikusgai, ondorengo bideoan:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.