«Euskal Herrian irekitako prozesuan laguntzeko» eskatu diote Bilboko Udalari

Mozio bat aurkeztu, eta elkarretaratze batera deitu dute Gernikako Hitzarmenaren sinatzaileek

Erredakzioa
Bilbo
2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Udalak «Euskal Herrian ireki den prozesua garatzen eta finkatzen laguntzeko» konpromisoa erakuts dezan eskatu dute Gernikako Hitzarmena izenpetu zuten alderdi, sindikatu eta talde eragileetako Bilboko hainbat ordezkarik, eta horri begira, mozio bat aurkeztu dute, hautetsiek hurrengo osoko bilkuran eztabaida dezaten. Mozioa Bilboko ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, Alternatibak, LABek, ESK-k, EILASek, Ikasle Abertzaleek, Etxerat-ek, Gazte Independentistek eta Gazte Abertzaleek sostengatu dute.

«Bide politiko, demokratiko eta baketsuetatik normalizazioa eta bakea iritsita» amaituko den prozesu horretan laguntzeko Bilboko Udalari eskatzen dioten konpromisoa, besteak beste, prozesua eragozteko «ahalegin guztiak» salatzea esan nahi du, «datozen lekutik datozela». Eta horregatik, lehenik eta behin, ETAri eta Espainiako Gobernuari eskatzea «bortxakeriarik gabeko jokalekua bermatu eta arian-arian normalizazio politikoa iristeko behar diren erabaki eta ekimenak har ditzatela».

Mozioa aurkeztu dutenek gogorarazi dute azken hilabete hauetan, ETAk ekintza armatuen alde bakarreko etena iragarri duen arren, Espainiako Gobernuak «argi» utzi duela «Euskal Herrian bizi dugun bortxakeria eta gatazka politikoa konpontzeko borondate handirik ez duela, probokazioetan eta bidean oztopoak jartzen ari delako etengabe».

Ikoitz Arrese eta Xabat Moran

«Probokazio» eta «oztopoen» artean, leku nabarmena egin dioteIkoitz Arrese eta Xabat Moran bilbotar gazteen atxiloketari, inkomunikazioari eta tratu txarren salaketari. Bakebidean aterabide demokratikoen akordioa izenpetu zuen GaztEHerria erakundeko kideak direla gogorarazi dute, «Gernikako Akordioa Sinatu duten erakundekoak eta euskal jokaleku politiko berria finkatzen inplikatutakoetakoak». Horregatik, mozioan ere eskatzen da Udalak atxiloketa horiek salatzea eta atxilotuen familiei elkartasuna adieraztea.

Hain zuzen ere, atzoko agerraldian, mozioa aurkeztu duten taldeetako ordezkariez gain, Arreseren arreba eta Moranen neska-laguna ere egon ziren, eta horiek atxiloketa eta inkomunikazio aldia nola bizi zuten azaltzeaz gain, egun ere beren senide eta lagun presoekin komunikatzeko dituzten zailtasunak salatu zituzten. Atxiloketak izan zirenetik atzo arte, Bilboko Udalak haiekin izan duen «utzikeria» ere gaitzetsi zuten: «Ikoitz eta Xabaten lana publikoa eta zilegia izan arren, Udalaren aldetik ez dugu inolako babesik jaso».

Bilboko Udalak Arresek eta Moranek salatutako tratu txarrak ikertzeko eska dezan ere biltzen du mozioak, eta Udalak herritarrei dei egitea parte har dezaten egoera salatzeko azaroaren 19ko arratsaldeko 19:30ean Arriagan egingo den mobilizazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.