LGTBIfobiaren Aurkako Eguna (III)

Bea Sever: «Euskal Herrian transfobia dago, zalantzarik gabe»

Gorroto diskurtsoek transen aurka egin dute azken urteetan. Horrek ezkutatzera behartu ditu transak, Severren iritziz. Naizen-eko kideak uste du transfobiak gora egin duela azken urteetan.

Bea Sever. JON URBE / FOKU
Bea Sever. JON URBE / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko maiatzaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Azken urteetan transfobia areagotu egin dela uste du Naizen-eko arreta zerbitzuko arduradun Bea Severrek (Londres, 1973). Eskuin muturrak hauspotutako gorroto diskurtsoek gizartean eragin zuzena dutela azpimarratu du, eta horrek «beldurra eta ezkutatzeko beharra» areagotu dituztela iritzi dio. Are gehiago, nabarmendu du transfobia kasuen %80 inguru ez direla salatzen. Naizen haur eta gazte transexualen familien elkartean 330 familia daude gaur egun.

Larunbatean izango da LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Transfobiari dagokionez, oraindik asko dago egiteko?

Bai, batez ere oraindik ez delako transfobia gisa identifikatzen. Xenofobiaren eta arrazakeriaren ondoren, sexu orientazioagatik eta identitateagatik egindako erasoak dira gorroto delitu ohikoenak. Transfobiari dagokionez, ezjakintasun handia dago oinarrian: poliziak eta epaileek ez dute ezagutzarik. Horrenbestez, trans emakume bat trans izateagatik jipoitzen badute, askotan arrazoia beste bat izan dela argudiatzen dute, eta ez da gorroto delitu gisa identifikatzen.

Egungo olde erreakzionarioak pertsona transen aurkako erretorika eta ekintzak ekarri ditu: AEBetako presidente Donald Trumpek hartutako erabakia, adibidez, trantsizioak kontuan ez hartzekoa. Erretorika horrek nola eragiten du?

Trumpena gertatu aurretik ikusten genuen bazeudela nolabaiteko esperimentu sozialak AEBetan: gutxi gorabehera estatuen erdiak pertsona transak babesteko legeak zituzten. Kontrako legeak zituzten estatuetan suizidio saiakerak besteetan baino %72 gehiago ziren. Hor argi ikus daiteke horrelako neurriek eragin zuzena dutela bizitzetan.

Gertuagoko kasu bati erreparatuta, Erresuma Batua dugu. Sexilioa hasi da han. Adin txikiko transak dituzten hainbat familiak gugana jo dute hona etortzeko, han egoera jasanezina delako. Aurrekoan ama batek esan zidan bere alabak lau urte zituela egin zuela trantsizioa, eta beti erabili izan zuela nesken komuna, arazorik gabe. Bada, iragan astetik behartuta dago eskolan mutilen komuna erabiltzera, jakinda horrek zer arazo ekarriko dizkion.

Eta Euskal Herrian nola eragiten dute gorroto diskurtso horiek?

Euskal Herrian egoera hain larria ez den arren, atzerapausoak nabaritu ditugu. 2015etik, haur eta gazte transen egoera gizarteratu genuenean, aurrerapen handiak egon dira; baina Espainiako Estatuko Trans Legearen inguruko eztabaida faltsua sortu zenetik, aurrerapauso horiek atzera egin dute.

Beraz, esango zenuke Euskal Herrian transfobia dagoela?

Beste leku batzuetan baino gutxiago dago; baina Euskal Herrian transfobia dago, zalantzarik gabe.

Gorroto diskurtso horiek nola eragiten dute haurrengan?

Gizartean horrelakoak hedatzen joan diren heinean, bullying kasuak ugaritu dira. Duela urte gutxi ikusten ez genituen kasuak antzematen hasi gara: trantsizioa gauzatu ez duten haurren aurkako irainak eta bazterketa, adibidez. Testuinguru aldaketa horregatik, komentario homofoboak eta transfoboak areagotu egin dira. Ikastetxean etengabe entzuten dituztenez, alerta egoeran daude gazteak. Ikastetxea esparru seguru bat ez denean, eragin negatiboak ditu haurren buru osasunean.

«Horrelako gorroto diskurtsoen oinarrian beldurra dago, baina ezin dut ulertu zeri dioten beldurra»

Gainera, guk hitzaldi irekiak egiten ditugu. Bizipenak partekatzeko pare bat familia eramaten saiatu gara beti. Bada, gero eta zailagoa zaigu jendea topatzea haien bizipenak partekatzeko. Inork ez du publikoki hitz egin nahi. Beldurra zabaltzen doa, eta pentsatzen hasten zara zu zaudela gaizki. Horrelako mezuak jasota, nolako autoestimua izango dute haurrek?

Naizen-eko arreta arduraduna izateaz gain, ama zara. Zure haurrak txikitatik adierazi du bere izaera, eta txikia zenean abiatu zuen trantsizioa. Beldur zinen gizarteak harekin nola jokatuko zuen?

Bai, noski. Gizarteak baztertuko du? Erasoei aurre egin beharko die? Horrelako beldurrak normalak dira. Esan beharra dut egunerokoan ez naizela beldur; baina kanpora joaten denean bai. Berak badaki leku batzuetan nor den ezkutatu behar duela, ez dagoelako seguru. Esaterako, ikastetxean Poloniara joatea proposatu zuten ikasbidaiarako. Nik ezetz esan nien, han dauden legeek ez dutelako nire semea babesten.

Naizen sortu genuenetik hamar urte eman ditut familiak artatzen, eta egun ditugun familien 330 istorioak ezagutzen ditut. Kasu guztietan gurasoak beldur dira. Iritzi diote gizartea ez dagoela prest horrelako trantsizioei aurre egiteko.

Erasoak eta errekonozimendu falta ez dira eskuin muturraren berezko kontuak; eskuin zein ezker datoz. Zer esango zenieke transak errekonozitu ez eta haien aurka agertzen diren horiei?

Ez dakit. Hain ulertezina iruditzen zait. Horrelako gorroto diskurtsoen oinarrian beldurra dago, baina ezin dut ulertu zeri dioten beldurra. Entzuten ditut eta pentsatzen dut: horrelako gezurrak zabaltzen dituztenean benetan sinesten dituzte? Ez dute ez bururik, ez hankarik. Pertsona trans bat ezagutzen duzunean, hori dena erori egiten da. Baina ez dute gerturatzeko gogorik.

Segregazio mota bat da. Zer zentzu du zure burua feministatzat hartzea eta segregazio egoera bat sortu nahi izatea? Niretzat sinestezina da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.