Ezker abertzalearen alderdi berria. Sorturen aurkezpena

Euskal Herriko aldi politiko berriari bide emateko jaio da Sortu alderdia

Burujabetzaren bidean aurrera egiteko «aliantza politiko eta sozialei» ekarpena egin nahi dietela adierazi dute sustatzaileekEgituraketa «datozen asteotan» abiatuko dela eta ateak zabalik dituela esan dute

Sortu alderdiaren sustatzaileak, atzoko agerraldian, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
«Sortuk, proiektu politiko berri honek, Euskal Herrian hasi den fase politiko berriari erantzun nahi dio. Euskal gizartearen itxaropen eta irrikei erantzun nahi die Sortuk, bake eta konponbide demokratikoko agertoki bat eraikitzeko». Hitz horiekin laburbildu du ezker abertzalearen alderdi berriaren funtsa Karmele Agirregabiria sustatzaileak, jakin-min handiko agerraldian.

Izan ere, alderdiaren estatutuak plazaratzeko Euskalduna jauregian egindako ekitaldiaren biharamunean, ikusmina ez da apaldu. Alderdiaren izena, logoa eta sustatzaileak atzo aurkeztuko zirela iragarria zegoen. Horretarako prestatutako gelako ateak itxita zeuden kazetariak iritsi zirenerako, eta atearen kanpoaldeak hartu zuen irudiak ikusminaren tamaina agerian utzi zuen. Kazetari, argazkilari eta kameren artean, 85 pertsonatik gora bildu ziren; tartean, Madrildik espresuki etorritakoak. Presaka sartu ziren guztiak ateak ireki orduko. «Merkealdia hasi dela dirudi!», zioten olgetan.

Mahai luze batean eserita zeuden hamar sustatzaile. Logoa atzean jarritako oihalean ikus zitekeen; bertan txertatua izena: Sortu.

Iñaki Zabaleta EHUko katedradunak mahaiko kideak aurkeztu, eta «hemen bildu garenok Sorturen bultzatzaileak gara» hasi zen Agirregabiria. Alderdi berriaren nondik norakoak, printzipioak eta helburuak azaltzeari ekin zion. Sortuk lan eremua Hego Euskal Herria izango duela azaldu zuen. Independentista dela, eta Europako Batasunaren esparruan euskal estatua sortu nahi duela, bide horretan aurrera egin.

Sozialismoa izango du «erreferentzia», eta gizartea zein instituzioak norabide horretara aldatu nahi ditu. «Benetako aldaketa politikoan eta ekonomikoan» eragin nahi du. «Neoliberalismoa alboratu», eta aberastasuna «banaketa errealean» oinarritu.

Euskararekiko eta euskal kulturarekiko «konpromiso irmoa» duela adierazi dute sustatzaileek, eta, «herritarrei botere erreala emango dien demokrazia parte-hartzailea» sutsuki defendatuko dutela. Gizon eta emakumeen berdintasuna izango du beste ardatz nagusi bat, eta gazteei «hitza eta espazioa bermatzea». Hortaz, emakumeak eta gazteak kokatu nahi ditu bestelako gizarte eredu baten «motore gisa». «Nortasun ikur hauekin, ezker abertzalearen espazio politikoaren konfiantza bideratu nahi dugu», erakutsi du Agirregabiriak asmoa.

Bestalde, independentzia helburu izanik, burujabetzaren alde lan egin eta euskal gizartean independentismoa «ardatz gisa» kokatu nahi du. Bide horretan, «aliantza politiko eta sozialei» ekarpena egin nahi diotela dio.

Oinarri guzti horietan eragin ahal izateko, legeak eskatzen dituen betekizunak «zorrotz» errespetatzen dituela gogoratu dute sustatzaileek. Barne funtzionamenduan «burujabea» izango dela, inolako «menpekotasun edo tutoretzarik» gabea, eta «soilik bide politiko eta demokratikoekin» arituko dela. «Biolentzia oro eta indarkeria erabiltzen dutenekiko elkarkeria errefusatu» ditu, «herritarren eskubide eta askatasunak urratuko lituzkeen ETAren edozein jarrera» ere errefusatze horren baitan kokatzen duela zehaztuta.

Halaber, «Euskal Herrian klase guztietako eta bereziki ETAren biolentziaren erabateko eta behin betiko desagerpena» lortu dadin, gainerako eragile politiko, sozial eta sindikalekin «ekarpena» egin nahi duela dio Sortuk. «Proiektu guztiak gauzagarri» izango diren eta euskal gizartearen borondatea osoki garatuko den fase politikoa eskuratu dadin haiekin aritu nahi duela.

Ez da ezeren jarraipena

Horiek esan, ez direla «ezeren jarraipena» ziurtatu, eta, «printzipio demokratiko guztiak» zein legea «bere dimentsio osoan» betetzen dituztenez, legala izateko eskubidea duela zehaztu du.

Hortaz, legezko izango delakoan, Sortuk «datozen asteotan» bere estrukturen garapena«era progresiboan» abian jarriko duela azaldu du, eta zehaztutako oinarri ideologiko eta printzipioekin bat datozen guztiek zabalik dituztela ateak bertan parte hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.