Google konpainiak gaur argitaratu duen azterketa baten bidez, oso nabarmen ikus daiteke konfinamenduan munduko biztanleen mugikortasunari nola eragin dion. AEBetako konpainiak telefonoetako kokapena bildu du 131 herrialdetan.
Googlek adierazi duenez, datuok anonimo daude, eta ezinezkoa da gizabanakoak non egon diren ondorioztatzea horien bidez. Euskal Herriko egoera ikus daiteke, hein handi batean, Googlek eskualdez eskualdeko grafikoak argitaratu dituelako. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoak multzo batean jarri ditu, eta Nafarroakoak beste batean. Zoritxarrez, Iparraldekoak ez ditu bereizi, eta Akitania Berriko multzoan jarri ditu.
Oso nabarmena da konfinamenduak Euskal Herrian izan duen eragina. Hainbat leku multzotan banatu da ikerketa. Horietako bat Dendak eta aisialdia da, eta kategoria horietan sartzen diren lekuetan jaitsiera handia sumatzen da, logikoa denez. Ohiko zenbakiekin parekatuta, %98 jaitsi da han kokaturiko telefono kopurua EAEn, %93 Nafarroan, eta %86 Akitania Berrian. Jaitsiera txikiagoa da Iparraldean, konfinamendu neurriak beranduago agindu zituelako Parisek.
Interesgarriagoak dira Elikagaiak eta botika kategoriako datuak. Izan ere, hor igoera handia sumatzen da konfinamenduaren aurreko egun eta orduetan, jende askok erosketak egin zituelako konfinamendua indarrean jarri aurretik. Gero, ordea, asko jaitsi da elikagai eta oinarrizko produktuen eta botiketan ibili den jende kopurua: %77 Nafarroan, %76 Akitania Berrian eta %77 EAEn.
Parkeak atalean, igoera ikusten da, erabateko jaitsiera sumatu arretik. Ziurrenera, igoera eskolak ixteko aginduaren eragina jasotzen du, konfinamendu orokorra ezarri aurretik.
Garraio guneak eta Lan lekuak kategorietan espero daitekeena erakusten dute Googlen datuek. Edonola ere, lantokien datuetan ikusten da jaitsiera ez dela beste kategorietan bezain handia: %63 EAEn, %61 Nafarroan eta %53 Akitania Berrian.
Logikoa denez, igoera erakusten duen kategoria bakarra Etxebizitzak da: %23 Nafarroan, %22 EAEn eta %18 Akitania Berrian.