Euskal Herriko kulturgileek bat egin dute Palestinako «genozidioa» eteteko eskatzeko

Hainbat sortzaile eta artistak manifestazio nazionalera deitu dute martxoaren 17rako, Donostian. 'Kulturatik genozidioari stop' egitasmoa sortu dute, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko.

KULTURATIK
'Kulturatik Genozidioari Stop' egitasmoaren aurkezpena, gaur, Donostiako San Telmo museoan. GOTZON ARANBURU / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko otsailaren 29a
15:40
Entzun

«Ohitzen denak ahaztu egiten du sarri zertara ohitu den. Horregatik, ez ahazteko, guk ez dugu ohitu nahi». Euskal Herriko denetariko kulturgileek ez dute ohitu nahi Gazan gertatzen ari den «genozidiora», eta, horregatik, bat egin dute Kulturatik genozidioari stop egitasmoa sortzeko. Donostiako San Telmo museoan aurkeztu dute gaur euren burua, eta bi helburu nagusiak zehaztu dituzte: batetik, Palestinako herriari elkartasuna adierazi nahi diote, eta, bestetik, Palestinaren «genozidioa» eteteko eskatu dute. «Palestinak pairatzen duen egoerarekin hainbat kulturgile oso ukituta eta hunkituta gaude, eta zerbait egitearen premia sentitu dugu», nabarmendu dute. Horregatik, manifestazio nazionalera deitu dute martxoaren 17rako. Donostian egingo dute: 12:30ean abiatuko dira Alderdi Ederretik, eta Haizearen Orrazian amaituko dute.

«Ez dugu ohitu nahi gizatasunaren galeraren eta izuaren normalizazioaren aurrean», nabarmendu dute kulturgileek San Telmo museoan. Agerraldian izan dira, besteak beste, Fernando Bernues zinema eta antzerki zuzendaria, Mireia Gabilondo aktorea eta zuzendaria, Aitziber Garmendia aktorea, Jon Maia dantzaria, Eneko Sagardoi aktorea, Olatz Salvador abeslaria eta Gorka Otxoa aktorea. Egitasmoarekin gehiagok ere bat egin dute; Bernardo Atxaga eta Harkaitz Cano idazleek, Itziar Ituño aktoreak eta Alauda Ruiz de Azua zinema zuzendariak, adibidez. «Krudelkeriara ohitu eta ahanzturan bizi denari ohitura lazgarriagoetara makurtu eta ahanztura handiago batean murgiltzea beste etorkizunik ez zaio geratzen. Eta ezin gara horretara ohitu», adierazi dute.

Kulturgileek azaldu dute ez dutela ohitu nahi «suntsiketa eta atsekabe kateaketa amaigabera», ezta AEB Ameriketako Estatu Batuak «buru» dituen eta Europako Batasuna «atzetik» duen mundu libre eta zibilizatuaren —komatxoak baliatu dituzte gaur aurkeztutako manifestuan— «epelkeria konplizera» ere. Gogoan izan dituzte eguna joan eta eguna etorri bonbardatzen dituzten ospitale eta anbulantziak, anestesiarik gabeko anputazioak, gosetea, umiliazioak eta irainak, espetxeratze eta tortura sistematikoa: «Ezin dugu ohitu beren mendekoen martirioa isekaz hartzen duten soldadu okupatzaileen jarrera zigorgabera».

Finean, Gazako gerrara ohitu den gizartea altxatzera deitu dute kulturgileek: «Ez dugu ohitu nahi Gazan egunero hamar haurrek baino gehiagok hanka bat edo biak galtzera. Hamar minutuan behin haur bat hil eta zauritzera. Gazako zerrendako eraikin guztien %56 bonbek suntsituak edo kaltetuak izan dira. Ia 30.000 hildako daudenean genozidio batean, zenbat amesgaizto ereiten ditu minak etorkizunean? Zenbakietara ekartzen dugu bizitza, zenbakietara errazago ohitzen garelako zauri irekietara baino. Baina zenbakiek ez dute dena kontatzen».

Zenbakiek ez badute dena kontatzen, Kulturatik genozidioari stop egitasmokoek nabarmendu dute ez dagoela hitzik gertatzen ari dena kontatzeko. Ez dira hor geratu, ordea: «Ez dugu gertatzen ari dena deskribatzeko hitzik ez dagoela esatera ohitu nahi. Uko egiten diogu beste aldera begiratu eta sorgortzeari. Gauzei bere benetako izenez deitu gabe besoak gurutzatuta denborari aurrera egiten uzte hutsak konplize bihurtzen gaituelako».

«Apartheid sistematikoa»

Nabarmendu dute Palestinan gertatzen ari dena «genozidio bat» dela, «apartheid sistematiko bat». Horregatik, agintari eta politikariei eskatu diete Israelekin dituzten harreman komertzial, militar eta diplomatiko guztiak bertan behera uzteko. «Sarraskiaren aurrean», Europako Batasunari eskatu diote neurri tinkoak har ditzala «erasotzailea bere oldarraldi basatiari amaiera ematera behartzeko». Eskariak zerrendatu dituzte: «Behin betiko su etena, okupazioaren amaiera eta gizon-emakume eta haur errugabeen aurkako indarkeria etetea».

Horregatik antolatu dute sortzaileek eta artistek manifestazioa martxoaren 17rako. «Masiboa» izatea nahi dute, eta bat egiteko deia egin diete alderdi politikoei, sindikatuei, gizarte eragileei eta kolektibo guztiei. Alderdi Ederretik Haizearen Orraziraino egingo dute manifestazioa, hau da, Kontxako badia alde batetik bestera zeharkatuko dute. Ibilbidean zehar dozenaka esku hartze artistiko egongo dira, formatu txikian, kaleko artisten gisa ia-ia: musikariak, bertsolariak, dantzariak, mimoak, margolariak muralak margotzen, abeslariak eta abar. Haizearen Orrazira iristean, giza esku hartze artistiko masibo bat irudikatuko dute.

bat egin dutenak

  • Abeslariak:. Josune Arakistain Sune, Eñaut Elorrieta, Maddi Oihenart, Ruper Ordorika, Olatz Salvador eta Alex Ubago. 
  • Aktoreak: Ramon Barea, Joxean Bengoetxea, Karra Elejalde, Asier Etxeandia, Ane Gabarain, Aitziber Garmendia, Mireia Gabilondo, Itziar Ituño, Mikel Losada, Nerea Mazo, Gorka Otxoa, Eneko Sagardoi eta Unax Ugalde.
  • Idazleak: Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Mariasun Landa eta Toti Martinez de Lezea.
  • Bertsolariak: Uxue Alberdi eta Amets Arzallus.
  • Zinema zuzendariak: Montxo Armendariz, Aitor Arregi, Fernando Bernues, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Alauda Ruiz de Azua eta Esti Urresola.
  • Musikariak: Diego Vasallo eta Juantxo Zeberio.
  • Dantzariak: Jon Maia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.