Mariano Rajoy Espainiako presidentea gobernutik erortzen utziko du EAJk. PSOEren zentsura mozioari aldeko botoa emango dio alderdi jeltzaleak, eta hala adierazi dio dagoeneko Espainiako Gobernuari. Aitor Esteban diputatuak arratsaldeko saioan egin duen hitzaldian jakinarazi du publikoki erabakia.
Estebanek Sanchezi eskatu dio ez dezala abusatu EAJk eman dion babesaz, eta, gobernura iristen bada, agintetik bultzatuko dituen neurriak alderdi jeltzalearekin adostea galdegin dio. Horrez gain, hurrengo hauteskunde orokorretarako data adostea ere eskatu dio.
Espainiak "ezegonkortasun" egoera bizi duela nabarmendu du, bestalde, Estebanek. Hori dela eta, Sanchezek PPren aurrekontuei eustea "ona" litzatekeela adierazi du.
Sanchezek eskertu egin du EAJren babesa, eta mozioak aurrera egiten badu osatuko duen gobernuak alderdi jeltzalea "lehentasunezko kide" izango duela adierazi du.
EAJren Euzkadi Buru Batzarrak ezohiko bilera egin du gaur goizean Gasteizko egoitzan, eta PSOEk aurkeztu duen zentsura mozioari zer bozkatu erabaki duela adierazi du. Aitor Esteban diputatuak jakinarazi du zentsura mozioaren alde bozkatuko dutela bost diputatu jeltzaleek, Kongresuko eztabaidan hitza hartu duenean. Sanchezen goizeko hitzaldia entzun eta PSOEren arrazoiak eta konpromisoak aztertu ondoren hartu du erabakia EAJk.
EBBk hartu du erabaki bat. Euskal Taldeari jakinaraziko dio hurrengo minutuetan. @AITOR_ESTEBAN-ek bere hitzaldian iragarriko du.
— EAJ-PNV (@eajpnv) May 31, 2018
Sanchezek keinu esanguratsua egin dio EAJri goizeko hitzaldian. Izan ere, PPren aurrekontuak mantenduko dituela iragarri du. Erabaki horrek baitan hartzen du EAJk PPrekin aurrekontuetan hitzartu zituen gastu partidei ere eustea. Hori da, hain zuzen, zentsura mozioa babestu ala ez aztertzerakoan, EAJk agertu duen kezketako bat.
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak espero du EAJk "errealitatea eta gizarteak behar duena ikustea", eta Sanchezen hautagaitzaren alde bozkatzea. Mendiak adierazi duenez, "oso une garrantzitsua da. PPk frogatu du ezin duela egun bat gehiago ere egon erakundeetan, ez dagoelako Espainiak behar duenaren mailan. Aldaketa behar dugu eta PSOE da ordena konstituzionala egiaz ulertzen duen bakarra".
EAJk eta PSE-EEk "erakundeetako egonkortasuna" bermatzeko hainbat itun hitzartu dituzte azken urteetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Bi alderdiak gobernukide dira Eusko Jaurlaritzan, 2016ko azaroan sinatu zuten akordioaren ondorioz. Horrez gain, hiru herrialdeetako foru erakundeetan eta udaletan elkarrekin gobernatzeko akordioa sinatu zuten 2015eko ekainean. Aurretik, Arabarentzako, Bizkaiarentzako eta Gipuzkorentzako itun fiskala sinatu zuten 2013 urteko irailean. Akordio hark bide eman zion Jaurlaritzaren hurrengo urteetako aurrekontuen gaineko adostasunari.
Alfonso Alonso Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidenteak "arrazoiaz" jokatzeko eskatu dio gaur EAJri. Sanchezen hautagaitza babesteak izan ditzakeen ondorioak neurtzeko galdegin dio. Alonsok ohartarazi duenez, "egonkortasun politikoa, ekonomikoa eta soziala oso garrantzitsuak dira Euskadirentzako".
Azken orduetan, ugaritu egin dira EAJk mozioa babestuko duela zioten albisteak. Quim Torra Kataluniako presidenteak preso eta erbestean dauden kontseilariak aldatu izanak eta, horren ondoren, ERC eta PDeCat mozioa babestearen alde agertu izanak pentsarazi du hori. Bi talde horiek Pedro Sanchez PSOEko hautagaiaren mozioa babestuko balute, EAJren botoak erabakigarriak lirateke, Unidos Podemosek ere ziurtatua diolako babesa mozioari.
Hain justu, Unidos Podemos taldeak bilera egin zuen atzo arratsaldean; bertan, Pablo Iglesias bozeramaileak diputatuei esan zien uste duela EAJk mozioa babestuko duela.
Espainiako Kongresuan gaur hasi dira zentsura mozioaz eztabaidatzen. Goizeko bederatzietan ekin diote eztabaidari, zentsura mozioa aurkeztu duen taldeko –PSOEko– bozeramailearen hitzartzearekin. Ondoren hartu du hitza Sanchezek, hura baita PSOEk aurkeztutako presidentegaia. Orduan iragarri du PPren aurrekontuei eutsiko diela. Haren hitzaldia entzun eta gero erabakiko du EAJk zer bozkatu. Taldeen txanda izango da ondoren. Eztabaida iluntzera arte luzatzea espero da. Ostiral eguerdi inguruan izango da bozketa.
Jeltzaleek joan den astean ahalbidetu zuten PPren gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektua kongresuan onartzea eta Espainiako Senatura bidaltzea.