euskal herria

"Euskal herritarrei dagokie etorkizuna erabakitzea, edozein naziotako kide sentitzen direlarik ere"

Gure Esku Dago ekimenak 2014ko ekainaren 8an Durango eta Iruñea artean giza katea egingo du. 130 kilometro izango dira, eta 50.000 herritar bildu nahi dituzte. Gaur goizean aurkeztu dute "erabakitzeko eskubidearen alde Euskal Herrian lan egingo duen ekimena". Flandria, Eskozia eta Kataluniarekin batera eskubide horren aldeko sarea osatuko dutela ere iragarri dute.

2013ko ekainaren 8a
17:42
Entzun

"Demokraziaren oinarrizko printzipio baten alde, aldarrikapen prepolitikoa delako" erabakitzeko eskubidearen alde hainbat lagun bildu dira gaur goizean 11:30ean, Gure Esku Dago ekimenaren aurkezpenean, Irungo Ficoban. Euskal Herria nazioa dela esan dute, eta erabakitzeko eskubidea euskal herritarrei dagokiela, euskal herritar soilik sentitu, espainiar edo frantziar sentitu, edo munduko beste edozein naziotako kide sentitu. 

Horren inguruan eta 2014. urteari begira, erabakitzeko eskubidearen alde herritarren babesa bilatuko dutela esan dute Gure Esku Dago ekimeneko kideak, atxikimendu pertsonalekin eta gehiengo sozial bat eraiki nahian, "herriz herri, hiriburuetan, eskualdeka, herritarrak abian jarri eta generoa eta adin tarteak aintzat hartuz, eremu desberdinetan".

Giza katea Durango eta Iruñea artean

2013ko udaberrian abiatu da ekimena eta 2014ko udazkenean topaketa jendetsua egingo dute. Ekimen sorta antolatu dute eta horien artean nabarmentzen dira bi. 2014ko apirilean Euskatalba topaketa egingo dute, Donostian. Eskozia, Katalunia eta Euskal Herriaren arteko topaketa bat izango da, eta hainbat kultur, kirol eta arte jarduera izango dira "milaka herritarrek parte hartu dezaten".

Bigarren ekitaldi jendetsua 2014ko ekainaren 8an iritsiko da. Gure Esku Dago ekimenak Durango eta Iruñea lotu nahi ditu giza kate batekin. 130 kilometro dira osatu beharrekoak, eta horretarako 50.000 lagun elkartu nahi dituzte.

Herritarren sarea

Aurkezle lanetan aritu dira ekimenaren hainbat ordezkari, besteak beste, Anna Arque, Idurre Eskisabel, Ander Arrese, Ion Telleria eta Urtzi Urrutikoetxea. Erabakitzeko eskubidearen alde dauden lagun guztiak saretu nahi dituztela esan dute: "Herria denona da eta denoi datorkigu eraikitzea".

Horregatik, erabakitzeko eskubidearen alde bildu nahi dituzte ez bakarrik euskal naziotasuna sentitzen dutenak, baita espainiar eta frantses sentitzen direnak ere, edo munduko beste edozein nazionalitate sentitzen dutenak. "Nazionalitate asko dago eta denok osatzen dugu herri hau".

Hainbat harri-jasotzaileak eta txalapartariak ere izan dira gaurko aurkezpenean. Une horretan aurkeztu dute ekimenaren irudia, eta han bildutakoen txalo zaparrada jaso du ekimenak. Aurkezpenean izan direnek txalo artean hartu dituzte aurkezpenak izan dituen zatiak, baina hitzak ere. Aurkezpenaren amaieran txalo zaparrada handia izan da. 

Nazioartean ere bai

Aurkezpen bideoan diotenez, "erabakitzeko eskubidearen alde Euskal Herrian lan egingo duen ekimena". Hala ere, Euskal Herrian aritzeaz gain, Flandria, Eskozia eta Kataluniarekin batera erabakitzeko eskubide horren aldeko sarea osatuko dutela esan dute antolatzaileek.

Urte esanguratsua izango da 2014a Europan autodeterminazio eskubidearen esparruan. Irailaren 18an Eskozian erreferenduma egingo dute Erresuma Batutik atera edo ez erabakitzeko. Katalunian ere urte hori jomugan dutela ari dira independentziaren aldeko erreferendum baten alde.

Kultur eragile ugarik hartu dute parte kantan

Orain dela bi aste aurkeztu zuten egitasmoa. "Gure etorkizunaz erabakitzeko dugun aukera, beharra eta legitimitatea gizarteratu eta bultzatzeko garaia da", esan zuten orduan. Hainbat lagunek sustatu dute, eta jada jaso du babes zabala. 100 artista inguruk hartu dute parte ekimenaren kantan.

Kirmen Uribek idatzi ditu Gure Esku Dago plataformarako espresuki egindako kantaren hitzak. Kepa Junkerak eta Eñaut Elorrietak eman diote doinua. Jo eta kantatu, Euskal Herriko mota guztietako 23 musikarik egin dute, besteak beste Antton Valverdek eta El Drogasek. Jarraian, bideoklipa:

[YouTube]http://youtu.be/dAkHgqTYxl8[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.