Euskal herritartasuna bultzatzeko pausoak emango ditu Udalbiltzak

Bide horretan sakontzeko «konpromisoa» hartu du ebazpen batekin, eta parte hartzera deitu ditu hautetsi eta herritar guztiakEuskal ikurrak, euskal herritartasun agiria eta '.eus' domeinua izango ditu ardatz

Euskal herritarrak gara ebazpenaren aurkezpena, atzo, Donostiako Miramar jauregian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Arnaitz Lasarte.
Donostia
2014ko martxoaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Udalbiltzak «konpromisoa» hartu du Euskal Herriaren eta euskal herritartasunaren aitorpena bultzatzeko. 30 alkate baino gehiagok Euskal herritarrak gara ebazpena aurkeztu zuten atzo Donostian, Miramar jauregian. Datozen hilabeteetan egin asmo dituzten ekinbideen «abiapuntua» izatea nahi dute ebazpen hori.

Hiru dira Euskal Herriko udalen eta udal hautetsien biltzarrak jarritako erronka nagusiak: euskal ikurren aldeko dinamika bultzatzea, Interneteko domeinu propioen erabilera sustatzea (.eus) eta euskal herritartasuna publikoki adieraziko duen agiri ofizial bat sortzea. Hemendik aurrera abiaraziko dituzten dinamikekin bat egitera deitu dituzte hautetsi eta herritar guztiak.

Iragan otsailaren 22an, Ordizian bilkura egin zuten Euskal Herri osoko 120 udal ordezkari pasak. Han erabaki zuten martxan jartzea Euskal herritartasuna izeneko lan ildoa. Horren ondoren, parte hartze prozesu bat egin dute hautetsiekin, eta berrehun alkate eta zinegotziren ekarpenak bildu dituzte. Prozesua bukatuta, Udalbiltzaren Nazio Gobernuak lehengo ostiralean onetsi zuen ebazpena.

Testuaren aurkezpen agerraldia egin zuten atzo. Hitza hartu zuten, hurrenez hurren, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, Igor Eguren Ordiziako alkate eta Udalbiltzaren aipatutako ildoaren arduradunak eta Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkate eta Udalbiltzako lehendakariak. Izagirrek sarrera egin ondoren, Egurenek irakurri zuen Euskal herritarrak gara.

Euskal ikurren erabilera bultzatzeko asmoz, udaletxeetan «Euskal Herriaren izatea aintzat» hartzen duten bulego paperak, seinalizazioa eta irudi korporatiboak bultzatuko ditu Udalbiltzak. Era berean, beharrezko baliabideak jarriko ditu herritarren esku, nahi badute nortasun nazionala agerian eta modu publikoan adieraz dezaten. «Garena eta sentitzen duguna ikurren bidez jendaurrean adierazteko gonbita egiten diogu herritar orori, horretarako kaleetan zein eraikuntza publiko eta partikularretan euskal ikurrak jarriz».

Udalbiltzaren beste helburu bat da Interneteko domeinu propioen erabilera sustatzea. Hori dela medio, Euskal Herriko udalen web orrietarako .eus-en erabilera proposatu du, eta eremu pribatuan domeinua zabaltzeko pausoak ere emango ditu. PuntuEus elkartea aurki hasiko da domeinua abian jartzeko kanpainarekin.

Horrez gain, euskal herritartasuna jendaurrean adieraziko duen agiri ofizial bat ere sortu nahi duinstituzio nazionalak. «Herritarren atxikimendu librean» oinarrituko da ekinbidea, eta Euskal Herriko askotariko kultura, hizkuntza eta identitateekiko «errespetuzko» jarrera izango du.

2014a, «abagune berezia»

Ebazpenean aldarrikatu dute euskal herritar gisa bizi nahi dutela, «eskubide guztien jabe». Alde horretatik, 2014. urtea «abagune berezitzat» jo dute.

Hala, kontrako nahiz aldeko faktoreak nabarmendu dituzte ebazpenean. Alde batetik, aurkako faktoretzat dute Espainiaren eta Frantziaren «ezezko iraunkorra». Beste alde batetik, Europako hainbat lekutan autodeterminazio prozesuak gertatzen ari dira —Kataluniako eta Eskoziako erreferendumak, esaterako—. Baita independentziari buruzko Etxarri Aranazko herri kontsulta eta Gure Esku Dago mugimendua ere. Mertxe Aizpuruak adierazi zuen Udalbiltzak bat egiten duela hurrenez hurren apirilaren 13an eta ekainaren 8an egitekoak diren bi ekintzekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.