EUSKAL HERRIA

Euskal independentismoa mintzagai 'Wall Street Journal' egunkarian

Ameriketako Estatu Batuetako kazetak zazpi herrialdeetako mapa darabil erreportajea ilustratzeko. ETAren jardun armatuaren amaieratik abiatuta, euskal independentismoa "trabatuta" dagoela nabarmentzen du. Lizarra darabil adibide gisa.

'Wall Street Journal'-en irudia. BERRIA
jon olano
2014ko apirilaren 23a
10:38
Entzun

"Autogobernua geldirik Espainiako Euskal Herrian. Barne gatazkak eta Madrilekiko gatazkak lurraldeko abertzaleak oztopatzen dituzte, kataluniarrek presio egiten duten artean". Wall Street Journal AEBetako hedabideak Euskal Herriko egoera politikoari buruzko erreportajea argitaratu du, eta bi esaldi horiek dira izenburua eta azpititulua.

Kazetaren arabera, Euskal Herriak bere burua gobernatzeko bide baketsua hitzeman zuten Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeetan 2012an, baina gaur egun "trabatuta" ikusten dute bide hori. Egoera Kataluniakoarekin alderatzen dute kazetariek; azaldu dute herrialde hori era "erabakigarrian" helburu bererantz urratsak egiten ari dela.

Erreportajeak Euskal Herri osoko maparekin ilustratzen du albistea. Katalunia ere aipagai hartzen du, eta, kasu horretan, Herrialde Katalanak irudikatzen ditu mapan.

Bake prozesua abiapuntu

ETAren jardun armatuaren amaiera oroituz abiatu du erreportajea AEBetako hedabideak. Gogoan du, halaber, armagabetzerantz erakunde armatuak otsailean eginiko urratsa, eta presoak gerturatzeko eskaria ere aipatzen du: "Bi gobernuek [Frantziakoak eta Espainiakoak] uko egin diote negoziatzeari". Egoera horrek "oztopatu egin ditu independentziaren herritarren botoen esku uzteko ahaleginak", dio WSJk.

Abiapuntu horretatik Eusko Legebiltzarrean autogobernuaz eztabaidatzeko sortutako lantaldera egiten du jauzi erreportajeak. Aberri Egunaren karietara estatus politikoaz Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Joseba Egibar EAJren Gipuzku Buru Batzarreko presidenteak eginiko adierazpenak gogorarazi ditu WSJk.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen jarrera du mintzagai ondoren. Kazetaren esanetan, euskal independentismo "trabatua aringarria" da Rajoyrentzat, Espainiako Konstituzioaz eta estatuaren batasunaz "kezkatuta" dagoelako: "Euskal Herriak eta Kataluniak autonomia zabala dute, baina autogobernu zabalago baten edo independentziaren nahia azaleratzen dute inkestek".

Lizarra jokaleku

WSJk Lizarran (Nafarroa) jarri du fokua. Haren hitzetan, independentziaren aldekoek biltzarrak egin zituzten bertan 1931n —estatutua osatzeko eginiko alkateen batzarra— eta 1998an —Lizarra-Garaziko akordioa—: "ETAko presoen aldeko mezuek estaltzen dituzte herriko hormak; euskaldunek Lizarra deitzen diote. Baina bertako asko mesfidati daude abertzaleekiko, eta ez diote ETAri barkatzen 1989an lehergailu baten bidez bi polizia hil izana". Bideo bat egin du kazetak Lizarratik bertatik:

Abertzaleen zatiketaz jardun du hedabideak, baita EAJ barnean ere: "Batzuek EAJn ontzat jotzen dute Euskal Herriaren —Euskal Autonomia Erkidegoaren— independentzia. Beste batzuek, ordea, esaten dute aberri independenteak barne hartu beharko lituzkeela euskal hiztunak diren Nafarroako probintzia, Lizarra barne, eta Frantzia hegoaldea". Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan, baina, euskal estatua osatzearen kontrakoak direla argitaratu du WSJk. Puntu horretan, egunkariak Kataluniara jotzen du berriro, eta nabarmendu bertan Kataluniako printzerrira mugatzen dela proiektu independentista, "oraingoz" alde batera utziz "Katalunia Handiaren ametsa". Pernando Barrena Sortuko bozeramailearen hitzekin amaitzen du erreportajea: "Nahi dugun azken gauza euskal herritarren arteko mugak dira".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.