EUSKAL HEDABIDEAK

Euskal irratiaren 80.urteurrena omentzeko jardunaldiak antolatu dituzte Donostian

Koldo Mitxelena Kulturguneak bi eguneko jardunaldiak antolatu ditu Martxoaren 1ean eta 2an, Joseba Zubimendi, Ander Arzelus eta Amale Arzelus sortzaileak omendu eta eurek utzitako ondarea aurkezteko. Euskararen munduan mobilizazio izugarria ekarri zuen; jakin bazekitelako euskara garapenarentzat zelako garrantzia zuen irratiak. 

2012ko otsailaren 14a
13:23
Entzun

Euskal irratiak 80 urte beteko ditu martxoaren 2an eta horren harira Donostiako Koldo Mitxelena Kulturguneak Euskaraz hegaz: euskal irratiak 80 urte bi eguneko jardunaldiak antolatu ditu, lehen euskal irratiari buruzko hausnarketa egin, Joseba Zubimendi, Ander Arzelus eta Amale Arzelus sortzaileak omendu eta orduko dokumentazioa aurkezteko. 

Euskal irratiaren mugarri

Ez zen euskara uhinen bidez hedatzen zen lehendabiziko aldia, baina bai euskal irratiaren mugarri. 1932ko martxoaren 2an eman zitzaion hasiera euskarazko irratigintza oparoari, Ander ArzelusLuzearren eta Joseba Zubimendiren ekimenez. Egun hartan hasi eta 36ko gerra lehertu bitartean, Igeldoko menditik Euska Herri osora zabalduko zen zuzeneko saioa hasi ziren emititzen. Gaueko zortziretatik bederatziak bitartean lekua izan zuten euskal kulturaren ekintzaile ezagun askok: bertsolariek —Baserri eta Lopetegi, besteak beste—, musikariek—tartean eusko abesbatza—, idaleek —Lizardi, Aitzol eta Orixe, adibidez— eta beste hainbatek.

Kalitatezkoa eta modernoa

Union Radio Donosti abian jarri eta urtebetera Bilboko eta Iruñeko transistoreak ezarri zituzte. Bi urtera, Gasteizkoa. Uhin ertaineko igorpenak kalitate onekoak ziren, Ipar Euskal Herrian jarraipen ona izan zuten eta itsasoz beste ere iritsi ziren, ameriketan ere inoiz entzun izan zutelarik. 

Euskararen munduan mobilizazio izugarria ekarri zuen abian jarritako ekimen horrek eta errepublika garaiko oztopoei aurre egiten asmatu zuten; jakin bazekitelako euskara garapenarentzat zelako garrantzia zuen irratiak. 1935ean estropaden zuzeneko emanaldia egin zuten lehendabizikoz eta urtebetera euskarazko irrati eskola jarri zuten martxan. Irrati moderno eta potentea sortu zuten, hain zuzen, euskal irratiaren garapena beste hizkuntzek irratian izan duten ibilbidearkin parekatu daiteke. 

Egitaraua

Martxoaren 1a, ostegunean, euskal irratigintzaren historia izango dute hizpide eta euskal irratia zer izan zen eta nola txertatu zen aztertuko dute, 19:30etatik aurrera. Hizlariak Koldo Ordozgoiti, Elixabete Garmendia eta Inazio Mujika Iraola izango dira. 

Martxoaren 2a, ostiralean, oraina eta iraganaren arteko zubia egingo dute, sortzaileei omenaldia eginez. Bertan izango da, esaterako, Amele Arzelus, irratiko lehen emakume esataria eta aktorea. , Txaro Arteaga, Koldo Ordozgoiti eta Mirene Zubimendi ere ekitaldian izango dira, Joseba Zubimendiren eta Luzearren lana gogora ekartzeko helburuz. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.