Koronabirusaren krisiari aurre egiteko, Nicole Belloubet Frantziako Justizia ministroak agindua eman zuen preso eriak eta kondenaren amaieran daudenak askatzeko. Oraingoz, prokuradoreekin hizketan ari dela jakinarazi du. Baina Bake Bideak salatu duenez, Belloubetek «ateak itxi dizkio COVID-19 birusaren aurrean arrisku gehien izan dezaketen euskal presoen irteera aurreikuspen guztiei». Izan ere, terrorismoaren kontrako legeen esparruan kondenatutako preso guztiak baztertu ditu neurri horietatik Belloubetek. «Zigorrak egokitzeko aukera guztiak baztertzen dira euskak presoentzat», deitoratu du Bake Bideak.
Hogeita hamazazpi dira Frantziako Esatatuko kartzeletan dauzkaten euskal presoak —8 emakume eta 29 gizon—. Horien artean, bostek 65 urte baino gehiago dituzte: Jakes Esnalek, Jon Gurutz Maiza Artolak, Josu Urrutikoetxeak, Jon Parotek eta Frederic Haranburuk. Bake Bideak azaldu du horien artean hiruk patologiak dituztela: Artolak, Haranburuk eta Urrutikoetxeak. Bestalde, Ibon Fernandez Iradiren kasua aipatu dute, esklerosi anizkoitza baitu. «Preso horiek egoera horretan mantenduz, suarekin jolasten ari dira», Bake Bidearen ustez. Euskal presoen «aurkako diskriminazioa» salatu dute, eta «preso horiek askatu egin behar» direla esan dute. «Euskal presoei askatasunerako eskubidea aplikatu behar zaie, baita eri diren presoei zigorra kendu ere. Izan ere, baldintzapeko askatasunerako eskubidea aplikatuta, posible izango litzateke Lorentxa Beirie, Jon Parot, Frederik Haranburu eta Ibon Fernandez Iradi beren hurbilekoen artean egotea, populazioa erabat konfinatuta dagoen une honetan».
Testuinguru orokor batean kokatu dute Belloubeten jarrera, eta adierazi dute «kontraesanean dagoela Euskal Herriko ordezkaritzak eta Justizia Ministerioak balioztaturiko» bide orriarekin. Bide beretik, Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzaren jarrera salatu dute, «mendekatzailea» delako eta «ondorio suntsitzaileak» dituelako. Apirilaren 9an Jakes Esnal baldintzapean aske uztearen inguruko erabakia emango du Parisko Auzitegiak, eta exijitu dute fiskalak «Euskal Herrian izandako aldaketa historikoaren» pareko jarrera izan dezala.