Euskal presoen senide eta lagun ugari aurrez aurrezko bisitarik gabe geratu dira berriro ere asteburu honetan, bisitetara sartu aurretik espetxezainek arakatzeari uko egin diotelako. Etxerat-ek jakinarazi duenez, senide batzuek uko egin diete miaketa horiei, eta, hargatik, bisitarik gabe geratu dira gutxienez hemeretzi lagun.
Galiziako Curtis kartzelan lau bisita geratu dira bertan behera,Gaztela Mantxako Herrera de la Manchan beste bost,Ocaña II-n bat, Andaluziako Almeriako espetxean sei presok ez dute bisitarik izan, beste bi laguni gauza bera gertatu zaie Huelvako kartzelan, etaSegoviako Brieva espetxerajoandako beste senide batek ere ezin izan du hurkoa ikusi.
Hilean behin egin ditzakete presoen gertukoenek aurrez aurreko bisitak. Etxerat-ek jakinarazi duenez, bisitak egitera joandako senideak goitik behera miatzeko agindua jaso dute zenbait espetxetako zaindariek, eta ordutik senide askok hurkoak ikusi gabe geratu dira ehunka kilometro egin eta gero. Hala,hainbat senidek 2.000 kilometro inguruegin dituzte eta hurkoa ikusi gabe itzuli dira etxera. Andaluziako Almeria eta Huelvako espetxeetara joan behar izan dutenen kasua da hori. Euskal Herritik 1.000 kilometrora daude bi espetxe horiek. Etxerat-ek jakinarazi duenez, Almeriako kartzelan Jorge Olaiz, Patxo Markes, Aitor Fernandez, Kepa Urra, Araitz Amatria eta Olatz Egiguren presoak aurrez aurreko bisitarik gabe geratu dira euren senideek miaketei uko egiteagatik.
Beste senide batzuek ere ehunka kilometro egin behar izan dituzte alferrik. Hala, Joxe Garcia Mijangosen senideek ia 1.000 kilometro egin dituzte errepidean -Ocaña II espetxean dago preso Garcia Mijangos-, baina ezin izan dira harekin egon.
Kontrola Algecirasen
Bisitetan egiten dizkieten miaketak ez ezik presoen senideek bestelako jazarpenak ere pairatzen ari direla salatu berri du EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak. Hala, atzo bertan Algecirasko (Andaluzia) espetxe aurrean Guardia Zibilak kontrola ezarri zien euskal presoen senide eta lagunei, Etxerat-ek ezagutzera eman duenez.
EPPK-k ohar bidez salatu zuen presoen senide eta lagunen aurkako jazarpenean «itsu eta temati» ari dela Espainiako Gobernua. Senideek tratu duina izateko eskubidearen alde borrokatuko direla ohartarazi zuen presoen kolektiboak.
Euskal presoen senide ugari aurrez aurreko bisitarik gabe geratu dira asteburuan
Gutxienez hemeretzi lagun geratu dira bisitarik gabe, espetxezainek miatzeari uko egiteagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu