'Euskal Y'-ari mila milioi euroko mailegu bat emango dio EIBk

Europako Inbertsio Bankuak hitzarmena sinatu du, eta 30 urteko epea jarri dio Espainiari mailegua itzultzeko

AHTaren kontrako martxa, Bilbon, artxiboko irudi batean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
mikel p ansa
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Euskal Y-aren lanak finantzatzeko, mila milioi euroko mailegua emango dio EIB Europako Inbertsio Bankuak Espainiari. Atzo sinatu zuten dirua emateko hitzarmena, Madrilen. Guztira mila milioi euro jartzeko bidea abiatu du EIBk, baina mailegu osoaren erdia emango du oraingoz, 500 milioi euro; horretarako, kreditu lerro bat ireki du bankuak. Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak esana zuen aurten 2,4 milioi euroren maileguak hartu beharko zituela Espainiak, AHT abiadura handiko trenaren lanak sustatzeko.

Hitzarmena sinatzeko ekitaldian elkartu ziren, atzo, EIBko presidenteorde Magdalena Alvarez, Espainiako Sustapen ministro Ana Pastor, eta Adif erakundeko presidente Enrique Verdeguer. Espainiarentzat bezainbeste, Europarentzat ere «inbertsio garrantzitsua» da AHTan egingo dutena, Ana Pastorren esanetan. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa gurutzatzeko diseinatutako tren lasterra Europaz gaindiko sarearen parte dela azaldu dute hitzarmenaren sinatzaileek. Bilbo, Gasteiz eta Donostia Madrilekin lotzea erraztuko du trenak, Pastorren ustez, baita Espainia eta Europa lotzea ere.

EIBk azaldu duenez, Bilbo, Gasteiz eta Donostia arteko 140 kilometroko bidearen obrak eta hiru hiriburu horietarako sarreren lanak finantzatzeko erabiliko du mailegua Adifek. Euskal Y-ak trenbide arruntarekin ere loturak izango dituela azaldu du EIBk, eta lanak 2017rako bukatzea espero dela. Mailegu honek ez du barruan hartu Gasteiztik Burgosera (Espainia) doan adarraren finantzaketa, ezta Nafarroako eta Lapurdiko lanak ere.

Itzultzeko, 30 urte

Espainiak 30 urtean itzuli beharko ditu EIBk orain maileguan utzi dizkion 500 milioi euroak. Itzulketa egiteko Adifek interes tipo ezberdinen artean aukeratu ahal izango duela azaldu zuten hitzarmena sinatzeko ekitaldian, atzo, baina ez zuten azaldu beste 500 milioi euroak noiz eta zein baldintzarekin emango dizkion EIBk. Espainiak bete beharko dituen baldintzen eta ordaindu beharko dituen interesen gainean ere ez zuten azalpen zehatzagorik eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.