17. Korrika

Euskalakariz bete da Donostia ere, Korrikaren bukaeran

Atzo eguerdian amaitu zen euskararen aldeko lasterketa. Ilaski Serrano eta Kike Amonarriz ETB1eko 'Mihiluze' saioko aurkezleek irakurri dute lekukoko mezua. Apirilaren 7an abiatu zen Korrika, Trebiñutik, 'Maitatu, ikasi, ari... Euskalakari' lelopean.

2011ko apirilaren 18a
17:47
Entzun

Jendetza. Atzo Donostian Korrikaren amaiera ekitaldian bildu zen jende kopurua azaltzeko beste modurik ez dago, eta, hala ere, gutxi esatea da atzo Donostian jendetza bildu zela esatea. Donostiako Bulebarra, Alde Zaharra, kaia eta Alderdi Eder euskalakariz bete ziren atzo euskararen aldeko festan, eta adin guztietako jendeak hartu zituen kaleak. 

Goizeko 08:30ean iritsi zen lekukoa Gipuzkoako hiriburura, kostaldean azken kilometroak egin ostean, eta lehen orduetatik milaka lagun aritu ziren Donostiako kaleetan korrika. Amara auzoan, esate baterako, Ibai Maruri BERRIAko kazetariak zioen moduan, euskalakari guztiak Bulebarrean ez zirela sartuko zirudien. Gainera, korrika bakarrik ez, espaloietan ere jende andana bildu zen Korrika ospatzeko.

Gaur egingo dute Korrikako antolatzaileek balorazioa, baina 17. Korrika arrakastatsua izan dela jakina da. Edurne Brouard Korrikako arduradunak eta Mertxe Mujika AEKko koordinatzaileak elkar besartu ziren amaieran, 2.507 kilometroren ostean. "Gora Korrika 18!", egin zuen oihu Brouardek.

Eskuz esku ibili zen lekukoak gordetzen zuen mezua Kike Amonarriz eta Ilaski Serrano telebista aurkezleek irakurri zuten. Euskalakari izateko modu asko daudela esan zuten, eta jatorri eta kultura hainbateko lagunek euskara ikasteko eta erabiltzek egiten duten ahalegina nabarmendu zuten: "Jose, Edurne, Mohammed...". Aurtengo leloa ahotan hartu zuten, euskalakari euskara ikasi, maitatu eta erabiltzen dutenak direla esateko, garrantzitsuena euskaraz aritzea dela azpimarratuz, "gutxi jakinda ere".

[YouTube]http://youtu.be/oPMfsFKeIq0[/YouTube]

Ekitaldi bukaerako beste bideo batzuk

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.