1998an Herri Lan, Garraio eta Telekomunikazio kontseilari zen Jose Ignacio Palacios; finean, irrati lizentzien banaketaren arduradun nagusia. Angel Sanz Barea, berriz, Garraio eta Telekomunikazio zuzendari nagusi —informazioaren Gizarterako zuzendari nagusi da egun—, eta berak egin zuen lizentziak banatzeko irratien balorazioa.
Besteak beste, Nafarroako Unibertsitateak eta Net21 enpresak jaso zituzten Iruñean emititzeko lizentzia bana, eta Euskalerria Irratia baimenik gabe utzi zuten. Hain justu, euskara hutsean aritzen den irrati horrek aurkeztutako helegitearen harrira, lizentzia banaketa hura baliogabetu egin du Nafarroako Auzitegiak, eta Palaciosek eta Sanz Bareak ez zutela behar bezala jokatu ebatzi du. Finean, Sanz Bareak bere eskumenak gainditu zituela Euskalerria Irratiari lizentzia ukatzeko, eta Palaciosek berretsi egin zuela erabaki hori.
Hori dela eta, Palacios zein Sanz Barea Nafarroako Gobernuan dituzten karguetatik kendu beharko lituzketela iritzi dio Juan Cruz Alli CDNko presidenteak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan; areago, bere alderdia Nafarroako Gobernuan UPNren bazkide den heinean, gai eta eskaera hori Gobernu Kontseilura eramango duela iragarri du. Hala ere, azken erabakia Miguel Sanz Nafarroako presidenteari dagokiola zehaztu du.
Komunikabideak
Euskalerria Irratiaren lizentziaren auzia tarteko, Palacios kontseilaria kargutik kentzearen alde agertu da Alli
1998an Iruñeko irrati lizentzien banaketaren arduradun izan zen Jose Ignacio Palacios Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate kontseilaria kargutik kentzearen alde agertu da Juan Cruz Alli CDNko presidentea. Alliren iduriko, Nafarroako Auzitegiak Euskalerria Irratiak aurkeztuako helegitearen harira lizentzien banaketa baliogabetu izanak argi utzi du Palaciosek eta orduan Telekomunikazio saileko zuzendari zen Angel Sanz Bareak legez kontra jokatu zutela. Haien jokabidearen xedea euskara hutsean aritzen den Euskalerria Irratiak lizentzia jaso zezan eragoztea izan zela erantsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu