euskara

'Euskalgintzaren mapa' aurkeztu du Kontseiluak

Lanabes horrekin, Euskal Herrian euskararen normalizazioa lortzeko lanean ari diren elkarte eta erakundeen ekintzak eta egituraketa azaldu nahi dituzte, Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak adierazi duenez.

2009ko azaroaren 17a
18:58
Entzun
Euskal Herrian euskalgintza non dagoen antolatuta eta zertan ari den argitzeko Euskalgintzaren mapa aurkeztu du gaur Kontseiluak. Horren bidez, "euskararen normalizazioa lortzeko lanean ari diren elkarte eta erakundeen ekintzak eta egituraketa azaldu nahi ditugu, eta beraien arteko harremanak erraztu eta esperientziak trukatzeko lanabesa eskaini", Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu duenez.

Kontseiluak 2007ko irailean ekin zion egitasmoaren antolaketa eta diseinu orokorrari eta orain dagoeneko amaituta dutenean,euskalgintzako erakundeentzat beren lanean mesedegarri izatea nahi du Kontseiluak, "nork, zer, non eta nola egiten duen erakutsiko duelako". www.euskalgintza.org helbidean kontsulta daiteke Euskalgintzaren mapa.

Mendigurenek gaineratu du, mapa horrek "indarguneak eta ahulguneak detektatzen lagunduko" duela eta horrela, "non gauden indartsu eta non ez; zergatik gauden indartsu eta, beraz, zer egin litekeen ahul gauden lekuetan oinarria sendotzeko" zehaztuko duela.

Erabiltzaile arruntari, berriz, "euskararen unibertso zabalaren kontzientzia hartzeko aukera emango dio".

Lanabesa sortzerako garaian, lankidetzan oinarritu direla adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak. "Informazioa bertatik bertara eskuratu dugu, herri bakoitzeko euskalgintzak osatuta". Aurrera begira ere lankidetza horrekin jarraitzea nahi dute eta beraz,"euskalgintzako erakunde eta kideei nork bere herriko datuak sartu edo berritzeko" deia luzatu die.

Gainera, berritasunari eta eguneratzeari garrantzia berezia eman nahi diotela nabarmendu dute gaurko aurkezpenean. Zigor Etxeburua Euskaraz Bai Dinamika Herrietan egitasmoaren arduradunaren arabera, "hau ez da une jakin bateko egoerari erantzuteko xedez sortzen den zerbitzua. Ez dago itxita, dinamikoa da eta etorkizunean datu baseko informazioa aldatzeko modua izango du. Gaurtik bertatik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.