Koldo Zuazoren Euskalkiak, Herriaren lekukoak liburua aurkeztu zuen atzo Elkarlanean argitaletxeak. Koldo Zuazo Dialektologia eta Euskararen Soziolinguistikako irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta, lehendik ere, kaleratu ditu gaiaren inguruan hainbat liburu. Bereak dira, besteak beste, Deba Ibarreko euskeria (Deba Ibarreko Udalak, 1999) eta Euskararen Sendabelarrak (Alberdania, 2000). Orain bost urte, euskalkien gaineko ikuspegi berria aurkeztu zuen Iruñeko Fontes Linguae Vasconum aldizkarian, Euskalkiak, gaur izeneko saioan.
Egileak ez zuen aurkezpenean egoterik izan, baina bertan izan zen Ibon Sarasola euskaltzainak, liburu honetan, orain arte tokian-tokiko hizkelkietan egin diren lanak bildu direla azpimarratu zuen. Ibon Sarasolak adierazi zuenez «ez da dialektologiari buruzko liburu bat, zabalkunde lan bat baizik». Lanean, hizkera guztien deskribapen xehea dago, baita euskalkien mugak gainditzen dituzten ezaugarrien bilduma bat ere,euskalkiak ez baitira homogenoak, ez betidanikoak, ez eta betikoak ere. Liburuaren atalik garrantzitsuenetako bat, euskalkien arteko harremana edo batasuna aztertzen dituena da. Sarasolaren iritziz, «euskalkiak bizirik daudela» erakusten da lan honen bidez. Liburuan erdiguneko ezaugarriak, eta hizkuntzen harremanak eta loturak aztertu dira. Sarasolaren iritziz, baina, «gaur egun hautsi egin da iparralde eta hegoaldearen arteko lotura bat erakusten zuen euskara».
Herri zatituak, hizkuntza zatitua
Koldo Zuazorentzat, euskalkien eta, beraz, euskararen beraren osagairik esanguratsuenak erakustea izan da saioaren helburu nagusia. Zuazok liburuan argitzen duenez, «hizkuntzari begiratuta, berehala ikusten dira gure historiaren gako nagusiak. Euskalki asko eta oso nabarrak, bata bestearengandik nahikoa ezberdinak agertzen zaizkigu». Bere ustez, euskararen herrian bi arrazoi daude euskalkiak hain ugariak eta hain ñabarrak izateko: Euskal Herriaren zatiketa eta euskararen ofizialtasun eza.
Halere, Zuazoren iritziz, «euskarak, historian barrena, erdaren sare sendoetan zirrikituak bilatu eta bere xareak osatu ditu, eta xare horiei esker lortu ditu, batasuna eta nolabaiteko berdintasuna».
Euskalkien sailkapen berriaren proposamena
Oihenartek XVII. mendean, eta gerora Larramendik eta Bonapartek egindakoa gaurkotuz, euskalkien sailkapen berri bat ere egiten du Zuazok liburuan. Euskalkien inguruan «dakiguna gaurkotzeko» garaia dela adierazten du, Bonapartek XIX. mendean euskalkien mapa egin zuenetik, «baztertuta geratu baita» egilearen ustez. Azken aldian, gehienbat bi arlo landu direla agertzen du: idatzirako hizkera estandar jasoa eta arloz arloko hizkera teknikoa. Baina, «hizkuntzaren barrua hori baino aberatsagoa da, eta hiztunen beharrak horiek baino gehiago».
Euskalkien sailkapena egiteko, hiru ezaugarri erabili ditu Zuazok: hizkeren hedadura, maiztasuna eta emankortasuna.Txokokeriak nabarmentzea eta aldamenekoengandik bereizten dituzten ezaugarriak puztea dira neurrigabeko euskalki zaletasunak ekarri ohi dituen ondorioak, baina Zuazoren ustez, euskalkiak dira «gainerako hizkera guztien oinarria eta harrobia».Hala ere, Zuazok dioenez, «euskalkiek batzera eta berdintzera egin dute aspaldian, eta gauzak bere neurrian eginda, ona eta onuragarria da hori.»
Titulua: Euskalkiak, herriaren lekukoak
Egilea: Koldo Zuazo
Argitaratzailea: Elkarlanean
Bilduma: Eztabaida
Gaia:Euskara
Orri kopurua: 240
Salneurria: 16,60 euro
Data: 2003ko abendua
EUSKARA
Euskalkien sailkapen berria aurkeztu du Koldo Zuazok
Urtetan Euskal Herri osoko hizkerak aztertzen egindako lanaren ondorio da 'Euskalkiak, herriaren lekukoak' liburua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu