Euskaltegien laguntzak %6 jaitsi ditu Jaurlaritzak, «krisiaren ondorioz»

Udal euskaltegiek %12,4 gutxiago jasoko dute, eta pribatuek, %2,9 gutxiago; ikasleen laguntzak mantendu egingo dituzte

Jon Rejado.
Gasteiz
2010eko irailaren 11
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak %6,3 jaitsi ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako euskaltegiei emandako laguntzak. Jaitsiera hori aurrekontuetan «krisiaren ondorioz» egin behar izan diren murrizketen baitan kokatu du Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, helduen euskalduntzearen ikasturte hasierako ekitaldiaren aurretik, Blanca Urgell Kultura sailburuarekin batera egindako agerraldi batean.

Jaitsierak udal euskaltegiei eragingo die bereziki; aurreko ikasturtearen aldean, %12,4 jaitsiko da jasoko duten laguntza. 11 milioi euro inguru jasoko dituzte aurten, aurreko ikasturtean baino 1,6 milioi euro gutxiago. Itunpeko euskaltegi pribatuei dagokienez, jaitsiera apalagoa izan da; 21,5 milioi euroren laguntzak jasoko dituzte, aurreko ikasturtean baino 635.000 euro gutxiago. Ordea, ikasleei emandako laguntzak bere horretan mantendu ditu Kultura Sailak; 1.850.000 euro jarriko ditu aurreko ikasturtean maila gainditu zuten ikasleei laguntza emateko, 2009-2010eko ikasturtean bezala.

Diru laguntzen beherakada egoera ekonomikoak behartuta gertatu dela azaldu du Auzmendik, baina laguntzei eusteko «ahalegin berezia» egin dela gaineratu du. Hala, Auzmendik adierazi du aurreko urtearen aldean laguntzak jaitsi diren arren aurkeztu berri direnak %4,5 handiagoak direla duela bi ikasturtekoekin alderatuta.

«Egoeraren araberakoa»

Jaitsierak eragingo duen arren «pentsa zitekeen bezain gogorra» ez dela izango adierazi du Jon Zabala euskaltegi pribatu homologatuen ordezkariak. «Egoeraren araberakoa dela barneratuta daukagu», azaldu du, eta euskaltegi pribatu homologatuek duten arazo handiena ez dela hori gaineratu du. Arazo eta lehentasun handiena duela bost urte hasitako «sektorearen normalizazioa» dela zehaztu du, eta aurreko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin zein egungoarekin hori lortzeko bidean lan egiten ari direla gaineratu du.

Matrikulatzeko epea oraindik irekita dago, eta ikasturte honetan 40.000 ikasle inguru izatea espero dute euskaltegien arduradunek. Aurreko ikasturtean 39.373 ikasle izan zituzten; horietatik %23k udal euskaltegietan ikasi zuten, eta gainontzekoek, euskaltegi homologatuetan. EAEn, ikasle gehienak Bizkaian matrikulatu ziren: %56. Gipuzkoan %27 matrikulatu ziren, eta Araban, %17.

105 euskaltegi martxan egongo dira ikasturte honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 1.500 irakasle inguru izango dituzte.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.