Euskaltegietako ikasleak, ataka zailean

Ikasleentzako laguntzak berriz banatzen hasteko eskatu diote HABEri euskaltegietako irakasleek eta arduradunek. HABEko zuzendari Iñaki Uribek azaldu du eten egin dituztela laguntza horiek, ez kendu.

ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Euskaltegiko matrikula eta kostu guztiak beren poltsikotik ordaindu beharrean. Hala egongo dira datorren ikasturtean ikasle asko eta asko. HABEHelduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak kendu egin ditu azterketak gainditzeagatik ikasleei ematen zizkien laguntzak. Lehengora itzultzeko eskatu diote ikasleek eta euskaltegietako arduradunek HABEri. «Halako neurriek ez diote mesederik egiten euskalduntze-alfabetatzeari. Babestu eta txalotu egiten dugu ikasleen eskaria. Doakotasunerako bidean urratsak egin beharrean, kontrako norabidean goaz», nabarmendu du AEK-ko koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikak, ekimen pribatuko euskaltegien izenean. HABEko zuzendari Iñaki Uribek esan du eten egin dituztela laguntzak, ez kendu: «Hasieran azterketa bakarra egiteko plana genuen, urrian. Hori hala izanda, datorren urtera arte ezin genituen eman laguntzak. Horregatik geratu dira banatu gabe».

Laguntzarik gabe, datorren urtera begira ikasle askok zailtasunak izango dituzte euskaltegira joateko. Egoera konpontzeko neurriak eskatu dituzte euskaltegietako arduradunek. Besteak beste, euskara ikasteko laguntza bonuak emateko aukera aztertzeko eskatu diote HABEri.

Eusko Jaurlaritzak aurrekontuak aurkeztu zituenean jakin zuten euskaltegietako ikasle eta arduradunek azterketa gainditzeagatik laguntzak emateko zegoen diru saila kendu egin zutela. Hori ikusita, ikasle batzuen ekimenez, testu bat prestatu eta atxikimenduak biltzen aritu dira azken hilabete hauetan. Herenegun 10.000tik gora eraman zituzten HABEren egoitzara. Testuan, besteak beste, euskara ikasteko egin behar duten ahalegin ekonomikoa ekarri dute gogora ikasleek, eta esan dute euskara ikasteak doan izan beharko lukeela: «Euskara ikastea eta erabiltzea eskubidea da».

Mugikak gogorarazi du kasu askotan HABEren laguntza dela ikasle batzuek euskara ikasketak ordaintzeko duten modu bakarra. «Egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta, laguntza horiek are funtsezkoagoak dira. Ikasle askok benetako ahalegina egin behar dute. Dirutza gastatzen dute euskara ikasteko».Euskaltegiek «oso kontuan» dute ahalegin hori. Mugika: «Urte batzuk daramatzagu, adibidez, matrikulak apenas igotzen». Udal batzuek ere ematen dituzte laguntzak euskara ikasteko. «Oraingoz, ematen dituztenek eutsi egiten diete. Ez dugu kontrako berririk. Herri horietako ikasleek, behintzat, diruren bat jasotzen dute».

Uribek azaldutakoaren arabera, euskaltegien laguntzei eustea izan zen hasieratik izan zuten asmo nagusietakoa. Hala, nabarmendu du beste esparru batzuetan egin zituztela mozketak: tartean, azterketara bideratutako diruetan. «Azterketa bakarra egitea pentsatu genuen; baina, euskaltegiek eskatuta, orain arte bezala, bi egitea onartu genuen». Horrek eragin du, Uriberen esanetan, laguntzak etetea. «Bakarra egin izan bagenu, azterketa urrian izanda, ezin genuen dirua datorren urtera arte eman. Horregatik ez dago partidarik. Nahiz eta bi azterketa egin, aurrekontua onartua zegoen, eta ezin zen aldatu». Gainera, nabarmendu du euskaltegien artean banatu dutela ikasleen diru laguntzetarako eman asmo zuten dirua. «Aurten diru gehiago eman diegu».

Hori ukatu du Mugikak. «Ez dugu jaso diru hori. Alderantziz, %2ko jaitsiera izan dugu laguntzetan. Gainera, guk ez dugu ikasleei kentzea nahiguri emateko. Bi laguntzak ezin dira nahastu. Bakoitza diferentea da. Zorionez, ikasleeiinformazio osoa eman diegu une oro, eta badakite zein den egoera». Aurrekontuetan aldaketarik ezin dela egin kontuan hartuta, bestelako laguntza bide batzuk aztertzeko eskatu dio Mugikak HABEri. «Laguntzak emateko moduak asko izan daitezke. Oraingoz, ordea, ez dugu erantzunik jaso. Ez dut itxaropen handirik, gainera». Diru laguntzek duten garrantzia aitortu arren, argi du zein izan behar duen etorkizunerako erronka: doakotasuna.

Optimizazio eskaria

Datorren ikasturteari begira, lan bilera izan zuten atzo euskaltegietako eta HABEko arduradunek. Bilera «ondo» joan zen, Uriberen hitzetan. Ez du zehaztapen gehiagorik eman. Ezkor da Mugika. «Datorren urtean ere» murrizketak espero dituzte. «Baliabideen optimizazioaren inguruan hausnarketa bat egiteko eskatu digute. Baina ez dira konturatzen gu beti egon garela horretara ohituta».

Mugikaren esanetan, gainera, euskalduntze-alfabetatzeak ez du testuinguru ekonomiko eta politikoaren menpe egon behar. «Oinarri egonkor eta sendo bat behar dugu, eta guztien artean eraiki behar dugu».

Esan du, halaber, badirela dirua eskatzen ez duten ekimen batzuk. «Euskara ikasteko motibazioan eragiteko edo gure hizkuntza prestigiatzeko, adibidez, ez da dirurik behar. Baina ez dute egiten. Motibazioaren kasuan, gure bizkar uzten dute, neurri handi batean, lan hori. Nahiago genuke hala ez izatea. Guk argi dugu desagertzeko jaio ginela. Horrek esan nahiko luke euskararen ezagutza eta irakaskuntza bermatuta egongo liratekeela. Baina, zoritxarrez, lan asko dago egiteko alor horietan, eta horretan jarraituko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.